Lau hilabete pasa dira BERRI TXARRAK taldeak Barakaldoko BEC bete zuenetik eta oraingoan herriko plaza ere betetzea lortu du. Ez dakit zenbat jende bertaratu zen aurreko larunbatean, baina argazkiak ikusita jendez lepo zegoela garbi dago. Ezkerraldean horrenbeste pertsona euskaraz kantatzen ikustea gozamena da. Gure herri eta ingurutik ere makina bat lagun hurbildu ziren eta urrunagotik ere heldu ziren asko, han eta hemen entzuten ziren euskalkien nahastea horren lekuko.
Oraingoan kantu berri eta zaharrak tartekatu zituzten eta argi dagoena da disko berriko abestiak gogor heldu dituela zalegoak. Aurreko kontzertuetan alde gehiago nabaritu nuen azken diskoko kanten eta mitikoen artean, baina sentsazioa dut ‘Infrasoinuak’ sakon sustraitzen ari direla taldearen jarraitzaileen artean. ‘Zaldi Zauritua’-n esaterako dena ematen ikusi nituen asko eta asko. Berri ona da hori, zaila delako urterik urte setlist-a berritzea eta betiko klasikoetatik harago heltzea. Ondo egindako lanaren uzta da hauxe.
Kolaborazio berezia ere izan zuten, Barakaldoko ‘Las Sexpeares’ taldeko Belen igo zelako energiaz beterik kantatzera.
Kontzertuaren amaiera Galder Izagirreren parean ‘harrapatu’ ninduen eta bateriari azken kolpea eman ondoren eskua luzatu zidan BECeko kontzertuko argazkiekin egindako liburua dela eta eskerrak emateko. Ez dakit nola akordatu ote zen ere, baina asko estimatzen den keinua izan zen. Aspalditik jarraitzen dudan pertsona da gainera Galder, musikari eta argazkilari dualtasun horrekin identifikatuta sentitzen naizelako, neure kasuan maila apalagoan bada ere.
Udako gau eder horietako bat izan zen lehengo egunekoa… bertan iruditan:
Eskerrik asko Panda Artist lantaldeari erreztasun guztiengatik