BIOGRAFIA

LEZAMA – 1985

HASTAPENAK

Musika betidanik gustatu izan zait eta memoria dudanetik makina bat ordu eskaini dizkiot musika entzuteari. Musika da funtzionatzeko behar dudan gasolina eta terapiarik onena.

Zortzi bat urtekin txistua ikasten hasi nintzen Lezamako Kurutze Dantza Taldean eta hamabirekin benetan maite nuen musika tresna, trikitia, ikasteko aukera heldu zitzaidan. Koldo Gaztañagarekin hasi nintzen eta ondoren Allur anaiekin, osotara laupabost urtez klaseak jasoz. Ikasketa hauen gehigarri nagusia kalea izan zen, urtetan zehar Euskal Herrian barrena emandako ehundaka emanaldi eta bizitako esperientziak. Urte hauetan guztietan musika tresna gehiago jotzen ikasi dut baina soinu txikia da gehien betetzen nauena.

Esaten dute pertsona bat ezagutu daitekela entzuten duen musikari erreparatuz. Bada, hauek dira nire bizitzaren soinu banda osatzen duten milaka kantak: labur.eus/yO7R0

IRAKASKUNTZA

Hamasei bat urte izango nituen nire orduko irakasleek, Allur anaiek, trikiti klaseak emateko aukera eman zidatenean. Larramendi ikastolan hasi nintzen eta hortik gutxira Kepa Junkerak eta Ibon Koteronek Bilbon duten Lur Soinuak musika eskolan ere. Ondoren heldu zen Xabi Aburruzagaren Trikilekun sartzeko aukera eta konturatzerako urte batzuk joan ziren. Bien bitartean Lezaman ere banebilen Harkaitz Allur lagunaren lanari jarraipena emanez. Eta Larrabetzun ere martxan jarri genuen trikitixa eskola bertako ikasleen nahiei erantzunez. Zer hobe gainera norbere inguruan trikitizaletasuna zabaltzea baino.

Duela hamar urte baino gehiago Elorrioko Musika Eskolan hasi nintzen eta urte batzuk daramatzat Arratiako Musika Eskolan ere. Lezaman eta Larrabetzun ere bagabiltza Asier Olazar laguna eta biok. Gaur egun metodo desberdinekin ikasten duten hirurogei ikasletik gora ditugu han eta hemen; bada harrobia gurean.

Teknologia berriek ere badute tartea geure klaseetan eta ikasleei informazioa helarazteko sortu nuen 2008an Infernuko Hauspoa webgunea. Hasierako asmoa hori zen arren, azkenean trikitizaleen topagune nagusia bilakatu da sarean. 400.000 bisitatik gora ditu honezkero txoko honek eta Facebook zein Twitter sareetan ere aurki dezakezue.

MUSIKAGINTZA

Musikari bezala hazten goazen heinean sortzeko gogoak ere goraka doaz. 2002an izan nuen nire lehen aukera eta herriko jaietako kanta plazaratu genuen, Lezamako Andra Mariak. Hurrengo urtean Mikel Zarate lezamarrari egindako omenaldia zela eta Ekidazu diskoa kaleratu genuen propio sortutako bi kantekin, Mikel Gurea eta Gaztelumendi. Azken lan honetan musikari bikainek parte hartu zuten: Natxo De Felipe, Mikel Markez, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Iñaki Plaza, David Nanclares, Aintzira Gorosabel,…

Baina dudarik gabe erronka handiena 2011n heldu zen, lehen bakarkako disko luzea. Urte horretako udaberriko oporraldian loratu ziren bat-batean hamar kanta eta grabazio estudiora sartzea erabaki nuen. Horrela sortu zen Lagunartean eta izenburuak dioen bezala lagun onen artean egin genuen. Besteak beste: Xabi Solano, Kepa Junkera, David Nanclares, Iñaki Aretxabaleta, Iratxe Mugire, Asier Ercilla, Alain Asenjo, Beñat Gaztelumendi, Juan Luis Goikoetxea,… Berebiziko garrantzia izan zuen Asier Olazar lagun eta lehengusuak proiektu osoan eta horregatik berari eskainia dago diskoa.

Kolaborazio batzuk egin izan ditut urteotan, nabarmentzekoak Josu Bergararekin egindakoak; zuzeneko diskoan (Fandangoaren Hotsa) eta bere azken estudioko diskoan (Etxe honetan). Aparteko kolaborazioak ere egin izan ditut; Elorrioko Musika Eskolaren 25. urteurrena (Bizia Irrika) edo Txorierri eta Elorrioko Gure Esku Dagoren kantetan, trikitia joz eta bideok eginez. Oso berezia izan zen Lezaman errotuta dagoen Kartzarot talderarekin egindakoa, txikitatik jarraitzen ditudalako. Azkena Goazen telesailerako trikitiaz egindako kolaborazioa izan da.

IKUS-ENTZUNEZKOAK

Betidanik gustuko izan dut argazkilaritza eta bideogintza baina azken urteetan serio eta burubelarri sartuta nago hamaika proiektuetan. 2013an Lezamako Eskolako urteurrena zela eta 50+25 Dokumentala egin nuen, lanordu gehien eskatu dizkidan proiektua dudarik gabe. Baina hain izan zen aberasgarria ikus-entzunezkoetan murgiltzea erabaki nuela eta urte horretan bertan hasi nintzen musika eta irudia uztartzen Esne Beltzarekin. Orduztik taldean jarraitzen dut eta birak, disko grabaketak, bideoklipak,… egin izan ditugu; ehundaka leku eta bizipen eder bidean. Talde honi esker nago honetan hein handi batean eta horregatik bihoakie nire esker on zintzoa. Lan asko argitaratu ditugu azken urteetan, taldearen webgunean dira ikusgai: http://esnebeltza.eus/bideoak/

Trikitilaria izanik ohore bat da Kepa Junkera edo Xabi Solano bezalako musikari erraldoiekin lan egitea. Haien proiektuak barrutik bizitzea eta era desberdinetara neure ekarpenak egitea. Nabarmenduko nituzke, batetik Keparen “Trikitixaren historio txiki bat” liburu+diskoa. Honen bitartez trikitilari asko ezagutzeko aukera izan nuen eta irakaspen izugarria izan zen. Eta bestetik Xabiren “Trikitixa Liburua II” + Ereñotzu diskoa (Erre Zenituzten). Trikitizale belaunaldi oso bat markatuko duen proiektua izan zen eta liburua osatzearen ardura handia izan zen arren, maila profesional zein pertsonalean esperientzia izugarria izan zen.

Neure bizitzaren esparru honetan asko izan dira nire lana era desberdinetara baloratu dutenak, zerrenda amaigabe bat. Baina batzuk nabarmentzekotan: Berri Txarrak (Beude Tour / BeudeKobetamendi / Navarra Arena), Josu Bergara (Astelehen arrunta / Fandangoaren hotsa / Etxe Honetan), Gatibu (Mungiako Jaiak), Huntza (Eskozian / Josune Arakistain), Gure Esku Dago (Txorierriko Gure Esku DagoSegur que tomba!), Fermin Muguruza (Bilboko Aste Nagusian), Kherau (Amama), Mikel Urdangarin, Gozategi (Oialumen zuzenean), Elustondo anai-arrebak (Non gara), Julen Alonso (Hondarrak), Xabi Aburruzaga (Loraldia), La Pegatina (Non è facile), Vendetta (Agur Vendetta), Green Valley, DeepSoda (promo bideoa) Oxabi erromeria, Mikel Markez (Baina berdin dio), El Muerto Vivo, EtxE, Laiotz, Jon Garmendia ‘Txuriya’ (Denbora), Patxuko Nice, Nomadak (Esnatu), Gorka Suaia (Ulertarazi), Lezamako Mugetatik (2017ko laburpena), Basobaltz Jai Batzordea (Jaiak 2016), Gaztea (Argazkiak), Aikor! aldizkaria (Aikorlagun) eta abar luze bat.

Pasioz bizi dut eszenatoki eta grabazio estudioen arteko bidaia hau, egunero ikasten eta desikasten… bidean aurrera.

Esku artean ditudan proiektuak ikusteko neure sare sozialetara abiatu. Eta zure proiektuan parte hartzea nahi baduzu, nirekin harremanetan jarri 😉

This slideshow requires JavaScript.

%d bloggers like this: