Nola egiten duzu lan kontzertuetan?
Egiten ditudan kontzertu gehienak taldeek eskatuta egiten ditut eta dagoenera moldatzen naizenez normalean nirekin ez da egoten arazorik diru kontuetan. Kasu hauetan taldeak berak zehazten dit nahi duena eta bidaltzen dit bide orria edo ordutegia. Sarrera edo pase berezirik beharko balitz taldea arduratzen da horretaz. Urtean zehar gero badira emanaldi batzuk ilusionatzen nautenak eta orduan neure burua bolondres aurkezten dut. Kasu hauetan taldearekin hitz egiten dut aurretiaz hauen adostasuna izateko eta egunean bertan han sorpresaz ez agertzeko.
Normalean denboraz estu ez banabil soinu frogetara joaten naiz edo afal aurretik. Gustatzen zait taldearekin hartu emana izatea eta ez soilik emanaldiaren bitartean argazkiak ateratzea. Azken batean musikaria naiz eta bereziki gozatu egiten dut ekosistema horretan. Garrantzitsua da eszenatokiko arduradunarekin edo managerrarekin hitz egitea aurretiaz nondik ibili ahal garen jakiteko eta horrela behin emanaldia hasita ahalik eta gutxien molestatzeko. Argazkilariak oharkabean egin behar du bere lana eta saiatu ez nabarmetzen, bestela seinale txarra. Eta oso garrantzitsua; begirunez tratatu ez soilik musikariak, baizik eta teknikari, produkzio, langile, antotzaile eta inguruko guztiak. Bereziki, gure jarduera dela eta, argi teknikaria eta bere estiloa errespetatu behar da. Ikuskizuna ez da bideratu behar argazki onak ateratzeko, gu egokitu behar gara dagoenera eta gure onena eman. Ezin ditut ulertu argi teknikariei lekzioak ematera dieten horiek, fokoak itzaltzen dituzten horiek… errespetu falta izugarria iruditzen zait.
Emanaldian zehar etengabe mugitzen ibiltzen den horietakoa naiz; fosoan, publikoan, eszenatokian… momenturik onenak han eta hemen bilatzen eta ikuskizunera egokitzen. Garrantzitsua da argazki desberdinak lortzea; lehen planoak, angularrak, oso angularrak, detaileak, ikuspuntu aldaketak, artistikoagoak, publikoaren irudiak… Azken hauek adibidez argazkilari askok ez dituzte egiten eta nik pertsonalki maite ditut, publikoak egiten duelako kontzertu bakoitza desberdin hein handi batean. Trukotxo bat ere erabiltzen dut emanaldiko momentu bereziak ez galtzeko, izan ere, talde bakoitzak bere une gogoangarriak ditu (konfetiak, dantzariak, soloak…). Hauek ez galtzeko kontzertua hasi baino lehen setlistari mugikorrarekin argazkia egin eta atzekaldeko irudi bezala jartzen dut, horrela begirada azkar batekin jakin dezaket zer datorren.
Kontzertua amaitzean bukaerako argazkia kameratik mugikorrera irauli, editatu eta zuzenean pasatzen diot taldeari berehalakotasuna garrantzitsua delako gaur egun sare sozialetan. Normalean etxera heldu eta segituan editatzen ditut argazki guztiak, berotan eta ‘subidoia’ aprobetxatuz. Hala egitea gustatzen zait batetik gauetan sortzaileago naizelako, ez nau inor molestatzen, gogoan ditut atera ditudan argazki gehienak eta jarduera horretan guztiz zentratzen naizelako. Eta bestetik, hurrengo goizean argazkiak edukitzea taldeek, bere jarraitzaileek, antolatzaileek eta komunikabideek izugarri eskertzen dutelako. Beraz, bai, urtean zehar gaupasa asko egiten ditut.
Argazki kopuruari dagokionez, kontzertu estandar baten 1500 bat argazki egiten ditut eta taldeari 70-90 bat bidaltzen dizkiot editatuta. Normalean hortik nire sare sozialetan 20-30 bat partekatzen ditut. Argazkiak editatzeko Lightroom erabiltzen dut eta kontu konkretuentzako Photoshop. Gero plugin desberdinak ere erabiltzen ditut argazkiei nire estiloa emateko.
Ze ekipo erabiltzen duzu?
Neure kasuan 2013an egin nuen hasierako inbertsio serioa. Orduan erosi nuen 500.000tik gora argazki egin dituen eta oraindik erabiltzen dudan Canon 6Da. Kamera bikaina da, Full Frame tamainako sentsorea du eta semiprofesionala denez ez da lar garestia. Horrekin batera 24-105 f4 L, 70-300 f4-5.6, 50 f1.4 eta 17-40 f4 L objektiboak erabiltzen hasi nintzen. 2015ean erosi nuen arrain-begia, Sigma 15mm f2.8. Orduan ez zen gehiegi ikusten gure inguruan argazki mota deigarri hau, baina gaur egun, honetan dabiltzan argazkilari gehienek dute arrain-begiren bat oso apoposak direlako handitasuna islatzeko (batzutan irreala). Sigma hau luminosoa da eta gainera auto-enfokea du, badaude ekonomikoagoak baina gehienak eskuzko enfokearekin.
Azken urtean egin dut bigarren inbertsio garrantzitsua, aurreko ekipoaren mugak ondo exprimitu ditudala sentitu dudanean. Iaz erosi nuen Canon 70-200 f2.8 IS II bikaina eta Canon 70Da, azken hau bideo grabaketetara begira. Aurten ordea, Tamron 24-70 f2.8 G2 eta kamera berria, Canon 5D Mark IVa. Egun, bi kamerarekin aritzen naiz, batean telezooma muntatuta eta bestean angularretako bat, horrela prest nago momentu bakoitzak eskatzen duen argazki mota egiteko, saiatzen naiz behintzat horretan. Ekipoaz ari garela oso garrantzitsua ganorazko txartelak erabiltzea, nire esperientziagatik gomendagarrienak Sandisk markakoak eta posible bada Extreme PRO motakoak, azkarrak eta fidagarriak dira. Bateria mordo bat ere komeni da izatea badazpada. Motxila edo boltsa norberaren gustuen arabera; nik Tenba messenger motako boltsa eramaten ohitu naiz eta hor dena dut eskura. Motxiletan Lowepro dira nire gusturako aproposenak eta emaitza onenak eman dizkidatenak.
Bideoa grabatzerakoan kontutan hartu beharreko beste aparatuak daude. Mikrofonoak Rode markakoak erabiltzen ditut, bai ‘lavalier’ motakoak zein direkzionalak. Audioa grabatzeko Zoom H5 eta H1 grabagailuak. Tripodeak Manfrotto eta Vanguard markakoak erabiltzen ditut. Eta tripodea erabili ezean Edelkrone ‘steady’ bat. Bestelako ‘steady’, ‘slider’… baditut baina denbora asko eskatzen dute eta normalean estu ibiltzen gara. Laster ‘gimbal’ bat hartzeko asmoa dut, kontatuko dut bertan esperientzia.