Atzokoa izugarria izan zen, emozionantea oso. Ez dut zehaztasun askorik emango ikuskizuna irakurri baino aretoan bizi behar delako. Ez da musika soilik; antzerkia, dantza eta irudiak tartekatzen dira uneoro.
Badira barre algarak egiteko momentuak, batez ere Mikel Laskurain eta Ana Elordi taularatzen direnean. Argazkitan ikusi ahalko duzue nondik doan kontua, sketxak bikain prestatu dituztelako. Malkoari eusteko momentuak ere badaude; Ahantzi, Azken Udazken, Juntu… bereziki goxo geratzen dira aretoetan eta musikari formazio honekin. Emanaldiko ildo nagusia erromeri giroa da eta lehengo erromeria gutxi ezagutu ditugunontzako aukera paregabea da aulkitik bada ere hori sentitzeko, ‘Aukeran’ dantza taldeko Edu eta Eliri esker neurri handi batean.
Hala ere muinera joanda, musikalki zirraragarria da ikuskizuna. Arkaitz Minerrek sokekin erakusten duen maisutasuna, Txus Aranbururen moldakortasuna kanta bakoitzak behar duena emateko, Haritz Beristainek sortzen duen oinarri sendoa, DZak ematen dion gaurkotasuna, Krisek ahotsetik hasita soinu txikira egiten duen ekarpen hunkibera. Eta noski, Xabik ematen dio gorputza denari. Batetik bere kantak direlako denak bat izan ezik eta bestetik ahots, gitarra eta trikitixaz sekulako lana egiten duelako. Setlist-eko pieza asko oso exigenteak dira edozein trikitilarirentzako eta genialitate horrekin jotzea handien eskuetan baino ez dago.
Sarritan esango dut, gero inor ez damutzeko: ikuskizun hau euskal musika maite duen orok ikusi beharko luke. Ez da trikitilari “kafeteroentzako” soilik egindakoa hauspoa ardatz izan arren. Askoz urrunago doan proposamena da INPERNUKO. Horren ardura ere badute Miren Gojenola gidoigileak, Pello Gorrotxategi soinu teknikariak, Mikel Garcia argi teknikariak eta ABAR produkzio lantaldekoak.
Hurrengo emanaldia abenduaren 30an izango da Azpeitian. Sarrerak hemen daude salgai: https://labur.eus/uv1Av
Bertan atzo ateratako argazki batzuk:
Azkenean ERRE ZENITUZTEN kantaren sortzailea eta koreografiaren egileak bat egin zuten atzo. Momentu ahaztezina era batera edo bestera abesti honen inguruan ibili garenontzako. Larrabetzuko gazteentzako inoiz ahaztuko ez duten iluntzea izan zen, eta neuretzako ere bai. Bizipena islatu dute haien blogean ere: http://bizkargidantzaelkartea.eus/inpernuko-ikuskizun-arrakastatsua/
Momentu honetan 350.000 ikustaldi ditu bideoklipak YouTuben (egunero 3.000 inguru) eta 80.000 Facebooken. Zuzeneko bertsioa falta zen eta hemen da, bukaeran atera genuen irudia nabarmenduz: