Hiru egun egotea suertatu zait aurten Durangoko Azokan eta pozarren beti bezala. Aukera ederra da proposamen berriak ezagutzeko, lagun zaharrekin egon eta berriak egiteko,… azken finean kulturari eta kulturgileei bere lekua emateko egun gutxi batzutan baino ez bada ere.

Nabarmentzekoa eta zoriontzekoa Ahotsenearen 10. urteurrena, ekimen ederra da benetan. Sortu zenetik izan naiz saioren baten eta benetako luxua da musikari eta sortzaileentzako. Ahotsenea musikarientzako adibidez zer den ulertzeko kasu konkretu bat bizi izan dut gertutik aurten. Izenik eman gabe, talde eta bakarlari asko islatuta sentituko direlakoan. Taldea bere disko berria aurkeztera joan zen lehengunean Ahotseneara eta txundituta bueltatu ziren taldekideak. Batetik baliabide teknikoengatik, euskal musikari gehienek inoiz gutxitan izan dituztelako horrelako musika ekipoak, teknikariak, antolatzaileen gertutasuna,… ez ditut nik Ahotsenea, Soinueder eta Abar lantaldeen lan ona deskubrituko, jakina da. Bestetik publiko berriaren etorrera, askotan musikazale eta euskaltzalea, taldeak behar-beharrezko duen zalego mota hori. Izan ere, plaza bikaina da Ahotsenea ezagutzera emateko eta jendearekin konektatzeko. Konexio horrek jarraipena izan zuen emanaldiaren ondoren standera abiatzean. Hara hurbildu zirelako haien musikaz gozatu zutenak. Kritika positiboak jaso, diskoak saldu, argazkiak egin,… aurrera jarraitzeko motibazio txute izugarria jaso zuten. Sortzailea pozik eta eroslea irribarretsu. Hori da Durangoko Azoka niretzako behintzat, hartu eta emana.
Berri on asko uzten ditu nire ustez aurtengo Azokak; geroz eta stand propio gehiago, autoekoizpenak bogan, kolektibo eta elkarteak ere aurrera, sortzaileak egindako lanez harro,… bada harrobia eta etorkizuna.
Eskerrak eman ESNE BELTZAren standetik pasa zaretenoi, lagun zein ezezagun eta baita inguruan egon zaretenoi ere; Maukako langile eta taldeak, Audiencekoak,… orduak atseginago dira konpainia onean.
Amaitu da bost eguneko euskal habitat berezia. Izan ere, Durangoko Azoka mundu bat da…
