Goizeko 8:00etan hasi zen jarduna eta 21:00etan bukatu. Tartean 4.000 bat argazki.
Neure zeregin nagusiena bolondres eta langileen lana iruditan gordetzea zen. Haiei esker dira horrelako ekimen erraldoiak posible, baina sarritan ez dira argazkitan agertzen, itzalpeko lanaren ondorioak. Hori argitara ekartzea zen beraz nire ardura neurri batean. Han eta hemen ehundaka aritu ziren fin lanean, kanpotik ikusi daitezken baino askoz gehiago. Ohore bat izan zen esparru guztietatik mugitzea eta argazki hauek egin ahal izatea, biba zuek!
Tarteka oholtza ingurura hurbiltzeko aukera ere izan nuen eguneko 8 protagonista nagusiei argazkiak egiteko. Deigarri egin zitzaidan haien gorputz adierazpena, duten kontzentrazio maila eta tentsioa nola azaleratzen diren detaile txikitan. Bertsolariek mikroarekin ere harreman berezi bat dutela ohartu nintzen, musikariek ez bezala suabe eta astiro egokitzen dutelako. Imajinatzen dut pentsatzeko denbora irabazteko dela, baina kuriosoa egin zitzaidan zeinen barneratuta dituzten mugimenduak.
Nire lehen txapelketa izan zen eta bertan topatu nituen lagun eta ezagun askok esan zidaten bezala, lehenengoan sentsazio berriak bizitzen dira. Oso interesgarria eta atsegina izan zen egia esan, momentu zehatz batzutan hunkigarria ere. Maialenek saio bikaina egin zuen arren, nire ezjakintasunetik uste dut zortziek lan izugarria egin zutela, bakoitza berean trebe. ZORIONAK beraz zortziei!
Eskerrak eman batetik kide izan nituenei, esperientzia handiko hirukotea; Ekaitz Zilarmendi, Gari Garaialde eta Alberto Elosegi. Bestetik neure zeregina erreztu zuten bolondres eta langileei, bereziki Olatz Amundaraini. Eta azkenik Bertsozale Elkarteari gonbiteagatik, sekula ahaztuko ez dudan egun hau bizitzeko aukera emateagatik.
Ondoren argazki aukeraketa txiki batekin egindako muntaia ikusgai. Beste argazki guztiak, 500etik gora, beheko estekan daude:
Argazki guztiak: https://labur.eus/OrSAT