Goizeko 10:30ak, ordu erdi falta zen Berri Txarrak taldeak bere lana Ahotsenean aurkeztu zezan. Jende ilarak buelta ematen zion Azokari ordu horretan. Ez zirela denak sartuko ematen zuen eta taldeak diskoaren aurkezpen elkarrizketetan egindako adierazpenak baieztatu egin ziren azkenean, “BEC-era goaz inor kanpoan ez uzteko”.
Soinu frogan egoteko aukera izan nuen eta bai, pribilegiatu sentitu nintzen momentu horretan jakinda kanpoan zeuden ehundaka pertsonek han egon nahiko zutela. Hiruzpalau argazki egin nituen eta hortik aurrera musikaz gozatu. Orduan ohartu nintzen zergatik taldeak sarrera bereziak jarri dituen eskuragarri BECen emango duen kontzerturako, zale askok momentu berezi eta intimo hori bizi nahiko dutelako.
10:45etan ateak zabaldu eta minutu gutxitan bete zen karpa. Diskoan bezala ‘Dardararen bat’ kantarekin hasi zuten emanaldia, formatu akustikoan baina izaera galdu barik. Sarritan galdetzen diot neure buruari nola den posible hiru musikarik horrelako soinua sortzea, onak izan behar derrigorrez.
Ondoren helduko ziren ‘Zaldi Zauritua’ edo ‘Beude’ esaterako publikoaren ahotsak lagunduta. Azken kanta honekin irrifar bat margotu zigun aurpegian Gorkak komentatzean nola elkarrizketa baten galdetu zioten zergatik aitatzen dituen euskal areto kuttunak kantuan eta gero BEC bezalako leku batera doazen. Fin Urbizu beti, ez du soberan hitz egiten, esan beharrekoak esan eta musikari bide eman.
Emanaldia bukatzeko 2017ko KANTA izendutatuko nuena, ‘Katedral Bat’. Bakarka aritu zen Gorka azken honetan eta zinez berezia izan zen unea.
Mugikorrarekin grabatutako zatitxo bat
Konturatzerako martxoa heldu eta BECen aurkituko dugu geure burua… baina adi ibili sarrerekin: http://tickets.berritxarrak.net
Eskerrik asko Gotzon Barandiarani eta Abarrekoei erreztasunengatik