Durangoko Azoka 2018

Pasa da 2018ko Durangoko Azoka eta egun intentso hauek beti uzten dute sentsazio berezi bat nigan; agian egun gutxitan musikari eta musikazale askorekin topo egiten dudalako izango da. Urterik urtera gehiago dira bidean egindako lagunak eta plazerra da horrelako zita espezial batean haiekin topo egin eta berriketan aritzea. Ez dakit oker nabilen, baina pentsatzen dut inoiz baino elkartuago egoten direla euskal sortzaileak Durangon, ez soilik fisikoki.

Zer pentsa eman zidan larunbatean Gotzon Barandiaranen solasaldiak eta batez ere euskaldunok zeri kantatzen diogun azaltzean. Lehen nitasunetik gutasunera kantatzen zela esan zuen larrabetzuarrak eta orain nitasunetik nitasunera. Lehen helburu komun bat zegoela eta sortzaile bakoitzak horra bideratzen zuela ahalegina eta orain, ordea, musikari bakoitzak bere zalegoari kantatzen diola batez ere. Gogoeta egiten aritu naiz egunotan horren inguruan… eta hainbat galdera etorri zaizkit burura. Bada elkartasunik musikarien artean? Bada helburu kolektiborik? Musikari/talde bakoitza bere bataila propioan sartuta dago?

Duela ez asko, solasaldi interesgarri bat izan nuen beste musikari batzuekin taldeen adierazpen publikoen inguruan. Zehazki, polemikak sortzean ofizio kideen babes faltaren inguruan. Izan ere, urtero euskal talderen bat baino gehiago jartzen dute jomugan eta zentzurik gabeko polemika antzu bat sortu bere inguruan. Momentu horietan badakit maila pribatuan musikarien artean badela elkartasunik, baina nekez ikusiko ditugu talde/musikariak publikoki beste batengatik bustitzen. Gaur egun oso erreza litzateke sare sozialen bitartez babesa erakustea, baina zalantza dut sare hauek ez ote diren nitasunaren sustatzaile nagusiak bilakatu.

Galdera konplikatuegiak iruditzen zaizkit erantzun sinpleak bilatzeko. Alabaina, Durangoko Azokak itxaropena pizten dit, inon gutasunik atzematen bada bertan delako. Musikariak elkarrekin hitz egiten, elkarren lanak trukatzen, elkarren berri ematen, lorpenak ospatzen, zuzenekoetan babesa erakusten… zaila egiten zait egia esan horrelako musikari korroak urtean zehar ikustea. Horregatik ikuspuntu ekonomikotik baino, topagune funtzio horregatik maite dut horrenbeste Azoka. Bertan ikusten dudanagatik sinesten dut kulturgintzaren komunitate indartsu eta osasuntsu baten alde egin dezakegula, denon artean.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: