Egunotan jaso ditudan galdera eta zalantzak argitzeko asmotan…
2019an inoiz baino gehiago bidaiatuko dudala ematen du; urtarrilean bertan ilusio handia egiten didan esperientzia bat bizitzera noa eta hurrengo hilabeteetan ere aurreikusten dut behin baino gehiagotan hartu beharko dudala maleta. Egoera horren aurrean nire ekipo eramangarria eguneratzeko beharra sentitu dut. Orain arte Macbook Pro batekin eta iPad Air 2 batekin moldatu izan naiz, baina bai bata zein bestea mugatuta ikusi ditut lan serio bat aurrera eramateko. Batetik, Macbook-ak ia hamar urte dituelako eta nahiz eta konponente asko eguneratu dizkiodan azken urteotan, karga grafikoa duen lana betetzea kostatzen zaio. iPad-ak ordea, pantaila eta kapazitatean du muga, 64 gigarekin gaur egun zaila delako lan egitea; erabiltzen ditudan aplikazioek soilik erdia behar dute instalatzeko.
Proiektu handientzako argi dut ez dagoela iMac-a bezalakorik eta neure kasuan, beste 27 pulgadako bi monitore konektatuta ditut, hiruko formula hori izanik lan egiteko gustukoen dudana. Baina iMac-a ez da etxetik kanpo eramateko baliogarria eta hortik neure beharrizana. Horregatik baloratu dut ekipo berria erostea, zalantza nagusia iPad Pro berria ala aurten kaleratutako Macbook Pro-a eskuratzea izanik. Ondoren neure kasuan kontutan izan ditudanak.
Goazen preziora, gehienok hori begiratzen dugulako hasieran. 12,9 pulgadako iPad Pro berria 256 gigarekin 1250 € inguru; Apple Pencil-a eta fundak gehituta, 1500 bat. Potentzia antzekoa duen 13 pulgadako Macbook Pro-a 2000 €, osagarririk gabe. Aldea badago, eta kontutan izanda 13 pulgadako Macbook Pro-ak ez direla oso egokiak bideo ediziorako, are gehiago. Beraz behin inbertsioan sartuta, komeni da 15 pulgadakoa, salto handia egiten delako potentzia grafikoan. Konturatzerako 2800 eurotara iritsi gara… iMac berriak balio duen beste eta aukera horien artean, nahiago iMac-a eguneratzea. Baina desfasatu xamar dago oraingo iMac-a, datozen hilabeteetan kaleratu beharko duten eguneraketaren zain eta momentuz dudanak bete egiten ditu nire beharrak. Puntu horretara iritsita, argi dut Mac OS sisteman iMac-a lehenetsiko dudala. Beraz, zergatik eskuratu dut orain iPad Pro-a? Ondoren puntu batzuk:
- Eramangarriena. Harritzekoa da zeinen espazio gutxi betetzen duen 12,9 pulgadakoak eta pisu aldetik ere, arina da oso. Funda eta guzti kuaderno fin bat ematen du.
- Pantaila. iPad Pro berriena izugarria da; koloreen fideltasuna (ezinbestekoa argazki ediziorako), distira, 120 Hz-tako frekuentzia… eta noski, ukimenezkoa. Nik argi izan dut handiena nahi nuela ediziora bideratuta, baina 11 pulgadakoa ere badago.
- Bateria. Macbook-ek ere bateria oso ona dute, baina iPad-aren 10 ordura ez dira errez helduko eta gainera edozein kanpo-bateria erabil dezakegu azken hau kargatzeko. Portatilen kasuan, egon badaude bateria bereziak, baina orohar korrontearen menpe arituko gara.
- Potentzia. Analisi guztiek baieztatu dute iPad berri hauen potentzia portatil gehienen goitik dagoela. 30 megapixeleko argazki bat editatzean ohartzen naiz ni horretaz, plazerra bihurtzen delako.
- Apple Pencil-a. Etorkizuneko gailua ematen du. Magnetikoki atxikitu eta kargatzen da iPad-ean bertan eta marrazteko ez ezik, argazki edizioan aukera berriak zabaltzen dizkigu.
- Aplikazioak. Egia da Mac OS sisteman aplikazio gehienak daudela eta profesionalagoak kasu askotan, baina iOS sisteman badira zinez erabilgarriak diren asko. Neure kasuan Final Cut botatzen dut faltan gehien, LumaFusion daukagun arren horren ordez. Bestela Lightroom edo Affinity Photo ditugunez, beste guztia ondo egin dezaket. 2019an gainera Photoshop eta bestelakoak helduko dira.
ONDORIOAK
iPad-ean ezin ditut kontzertu baten atera ditzakedan 2000 argazkiak sartu eta editatu, ezta bideoklip konplexu bat egin. Horretarako bai ala bai behar dugu sistema eragile osoago bat, dela Mac OS, dela Windows… eta disko gogorrak konektatuta izateko aukera. Baina ez dut horretarako eskuratu iPad-a. Honekin kontzertuaren ondoren argazki aukeraketa labur bat egin dezaket eta argazki hauek RAW formatuan nahi bezala editatu. Edo bideo laburpen bat egin minutu gutxitan, baita webgune honetan kronikatxo bat idatzi ere argazkiekin batera. Era berean Netflixen serie bat ikusi dezaket bidaiatzen dudan bitartean, gitarra bat afinatu, sare sozialetan edozer argitaratu ala GarageBand-en kantak sortu. Lehen iPad orijinala Estatu Batuetatik ekarri zidaten oraindik hemen salgai ez zegoenean eta orduan sentitu nuen zirrara bera sentitu dut iPad berri honekin, etorkizuneko zerbait esku artean izango banu bezala. Hastapeneko tablet harekin grabatu nuen gerora nire diskoa izango zenaren maketa eta garbi dut berebiziko garrantzia izan zuela, hortik agian tabletekin hain gustura aritzearen arrazoia.
Hala ere norberak ezagutu behar ditu zeintzuk diren bere beharrizanak eta zein gailu egokitzen den hobe hauetara. Ez dago denontzako aplikagarria den formula bat. Aztertu, frogatu eta erabaki.