175.000 lagun baino gehiago… IZUGARRIA!



Azken urteetan zoriontsu egin nau GEDk, ez soilik bere aldarrikapen eta edukiagatik, baizik eta dinamika horren inguruan pilatu den jendearengatik; apenas elkar ezagutu gabe hastapenetik elkar lotzen gintuen konexio/desira horrengatik akaso. Herrian hasi nintzen 2013ko udazkenean, bailaran sakondu neguan zehar eta 2014ko udaberritik antolakuntza orokorra ezagutzeko aukera izan dut. Bihotzez baieztatu dezaket bidean aurkitu ditudan pertsona guztiak borondate on eta irmoz aritu direla eta dabiltzala lanean. Herrietan jo ta su dabiltzanetik, maila orokorreko ardurak dituztenera.
Giza kateak, mosaikoak, manifak, batzarrak, argazki sesioak, bideo grabaketak, aurkezpenak… makina bat ekintzetan parte hartzeko aukera izan dut eta denengatik irakaspena atera ere. Ohartu ere zein boteretsua den elkarlana eta batez ere, ilusioa; norbere baitan sortutakoa eta baita bestengandik jasotakoa ere. Etapa eder honetan oroitzapen asko iruditan gordetzeko aukera izan dut eta zorionekoa sentitu izan naiz.
Horregatik ilunabarreko gogoeta hau aprobetxatu nahi dut GEDn ezagutu ditudan batzuk eskertzeko; Ainhoa, Telleria, Olano, Alberto, Angel, Zelai, Maddi, Iker, Ekaitz, Jone, Karmele… Era batera ala bestera erabakiaren bidean elkartuko gara, ziur.