GALDERAK ERANTZUTEN II

Bizi daiteke argazkilaritzatik?

Musika ikuskizunetatik soilik nik uste ezetz, behintzat hiri oso handi batean bizi ez bagara. Batetik, argazkilariaren lana sarritan ez delako baloratzen; kalitatezko irudiak izatearen aldea ulertu behar da horretarako. Bestetik, diru zenbaki konkretuetan sartu gabe, antzoki eta talde gutxi daudelako prest honetan sosak inbertitzeko. Askok badakite biharamunean doako argazkiak izango dituztela; dela argazkilariren bat bolondres aritu zelako, dela publikoko norbaitek mugikorrarekin argazki edo bideoren bat konpartitu zuelako. Honi musikaren munduak bizi duen krisia gehitu behar zaio, talde askok gastuak kubritzeko komeriak pasatzen dituztelako eta kasu askotan, argazkilaria luxu preszindible bat delako. Beraz nire ustez oreka bat bilatu behar da kobratzen/musutruk egiten diren lanen artean. Dena diru truke egin nahi duenak gure inguruan behintzat jai dauka; dena musutruk egiten duenari, ordea, zulo beltza irekiko zaio patrikan eta zaila egingo zaio ekipoa eguneratzea. Zentzu horretan ulertzen dut askorentzat frustrantea izan daitekela jarduera hau, batez ere norbere espektatibak betetzen ez direnean. Beraz, funtsezkoa iruditzen zait hastapenetatik garbi izatea norbere helburuak zeintzuk diren eta printzipio/balore batzuk zehaztea.

Galdera honekin lotuta, azken boladan inguruko askok esan didate zergatik ez naizen honetara dedikatzen. Ba batetik, 16 urtetatik irakaslea naizelako eta bestetik, badakidalako afizioa ofizio bihurtzen denean ematen den aldaketa, trikitixarekin ikasi dut hori. Momentuz ilusioz eta gogotsu nabil kamera aldean, etorkizun batean hala ez balitz ez nuke menpekotasunik izango deskonektatzeko. Webgune hau da, besteak beste, neure esperientziaren isla eta nahiko erraz atzematen da  pozik eta motibatuta nabilela. Alabaina, gaur egun oraindik, ez dut neure burua argazkilaritzat eta horrek lagundu nau bidean; etsipenaz aldentzeko eta etengabe ikasten jarraitzeko. Musikazale amorratua naiz eta argazki/bideoak egitea maite dudanez, kamerak aukera ematen dit bi munduak uztartu eta sakonean bizitzeko.

Zergatik ez duzu ur-marka erabiltzen?

Hau da agian honetan nabilenetik gehien errepikatzen den galdera eta oinarrian ez da hain garrantzitsua. Niretzako oso erabaki erreza izan zen lehen urratsetik eta ez dut inoiz zalantzarik izan. Guztiz errespetatzen ditut jartzen dituztenak eta bakoitzak izango ditu bere arrazoiak, baina nik ez dut beharrezko ikusten neure kasuan behintzat. Pertsonalki, argazkia zikintzen duela iruditzen zait eta erraz ekiditu dezakedan inperfekzio bat da. Baina lehen esan bezala, hautu pertsonala da eta oso subjektiboa.

Zorionez ez naiz honetaz bizi eta ilusionatzen nauten proposamenak baino ez ditut onartzen, kasu gehienetan lagunartean ibiltzen naizelarik. Nirekin kontatzen duten taldeek badakite ez diedala haien sareetan ezta egilea aitatzerik eskatzen, eta hala ere begirune handiz egiten dute. Musikari/taldeari neuk egindako argazkiak gustatzen bazaizkio nire helburua bete da eta gainera elkarbanatzen baditu, ba pozarren, seinale ona delako hori. Ez dut aparteko errekonozimendurik behar, esker ona eta elkarlanean jarraitzeko gogoa besterik ez; esperientzia bera aberasgarri izatea da xedea.

Pasa zait batzuetan argitalpenetan eta abar neuk egindako argazkiak agertzea eta egiletzarik ez, baina benetan ez diodala garrantzirik ematen. Beste baten izenean agertzea… narraskeria da, baina neure ustez ez du merezi horregatik burukominik hartzea. Hori bai, inoiz kontrara pasatu zaidanean (batenbatek nirea ez den argazkia nire izenean jartzea) igo duenarekin harremanetan jartzen naiz berehala zuzendu dezan.

Bukatzeko, eskubideei dagokienez, ezagutzen dut legea, baina nire ustez, pertsonen argazki guztiek bi jabe dituzte. Batetik, argazkia atera duena noski, baina baita argazkian agertzen dena ere eta hori kasu gehienetan alde batera uzten da. Musikari bati ateratako argazkia edozelan erabil daiteke? Berak ez du inolako eskubiderik leku publikoan dagoelako? Ba niretzat konpartitua da eskubideen kudeaketa. Tontakeria bat ematen du honek, baina musikari bati baino gehiagori entzun diot argazkilariren batekin izan duen hika-mika honengatik. Izan ere, ulertu beharra dago hau ‘sinbiosi’ bat dela, elkar elikatzen garela eta giro ona ezinbestekoa dela taldean gustura aritzeko. Ez da kostatzen atsegin izatea, are gehiago zuk besteengandik ere hori espero duzunean.


Erantzun guztiak nire esperientzian oinarrituz ematen ditut, ez naizelako honetan aditua. Datu konkretuak jakin nahi ezkero, galdetu lasai.

Utzi iruzkina