Nola hasi zinen?
Betidanik arreta deitu didan mundu bat da irudigintzarena, baina ez zen erreza mundu analogikoa zenean. Nire lehenengo kamera serioa 2003an erosi nuen, Olympus C-730 bat. Ekidazu diskoa grabatzen ari nintzen orduan eta prozesua iruditan gordetzeko nahiak bultzatu ninduen oraindik oso garestiak ziren kamera digital horietako bat erostera. Hurrengo urteetan hainbat kamera konpaktu eta ‘bridge’ izan nituen, relfex-ak profesionalegiak iruditzen zitzaizkidan. Milaka argazki atera nituen hauekin; lagunekin egindako bidaiak, begirale moduan emandako udak, herriko ekintza eta jaiak, paisaiak… ez ziren argazki bikainak, baina maitasun handiz gordetzen ditut oraindik. Teknika baino, argazki horrek guretzako duen esanahia delako garrantzitsuena, ezta?
2010ean futbolean sartu nintzen gazteekin ordezkari bezala eta partiduetako argazkiak egiten hasi nintzen, baina nituen kamerekin ezinezkoa zen ganorazko ezer egiterik. Eta horregatik erosi nuen nire lehen DSLRa, gehienok hastapenetan egiten dugun bezala amateur gamako bat bere pack eta guzti. Horrekin burutu nuen besteak beste Lagunartean diskoko Making Of-a. Hiru urtetan egurra eman nion egia esan.
2013an sartu nintzen serioago mundu honetan Lezamako Eskolako dokumentalarekin eta orduan inbertitu behar izan nuen ekipoan, batez ere bideo ekoizpenera zuzenduta. Uda horretan behin dokumentala amaituta, ilusio eta motibazioz gainezka nenbilenez, proiektu berrien bila hasi nintzen. Baina aukerak sortu egin behar dira zain egon beharrean eta horregatik, Xabi Solano lagunari proposamena bota nion. Disko berria grabatu behar zuten eta making of-a egitea proposatu nien eta taldeak onartu egin zuen. Beraz musikan nire lehen pausua Esne Beltzarekin eman nuen, zorionekoa neu, ez zaidalako era hoberik okurritzen. Hein handi batean oraindik martxan nago hasiera ezinhobea izan zelako. Orduztik gertatutakoa neure sareetan ikus daiteke; milaka kilometro, miloi bat argazki, makina bat bideo… eta lagun berri paregabe asko, horiek gabe ez nuelako argazkirik egingo.
Garrantzitsua da ekipoa?
Ekipoa inportantea da bai, inportanteena ez. Sarritan entzuten dugu argazkilaria dela garrantzitsua den bakarra eta hein batean hala da, baina ekipoak mugatuko gaitu, are gehiago antzoki eta eszenario artean dabilenari. Egia da ere izugarrizko ekipoa izateak ez duela bermatuko emaitza onik, baina baliabide gehiago emango ditu hala gertatzeko.
Argazkilaritzaren esparru konkretu honetan sentsibilitatea oso garrantzitsua da. Kasu gehienetan ez ditugu argi baldintza onenak izango, nahiz eta honetaz ez dakienak pentsa eszenatokian dauden argi guztiekin egina dagoela. Esango nuke argizkilaritza eremu gutxi daudela hain exigenteak. Izan ere bertan ezin da printzipioz flash-ik erabili, musikarien mugimenduak azkarrak izan ohi dira, argi baldintzak segundu bakarrean aldatu daitezke… faktore asko tartean eta oso aldakorrak, horregatik hain funtsezkoa da ekipoa. Inork ez ditu 4000€ kamera batean gastatzen gustuz, maila batera iristeko ezinbestekoa dela esango nuke. Gero norberaren exigentzia langa kontutan hartu behar da, non jartzen duen argazkilari bakoitzak kalitatezko mozketa hori. Neure kasuan konturatu naiz asko igo dudala urteen poderioz, hastapenetako argazkiak ikustean asaldatu egiten naizelako eta gaur egun badakit ez nuela horrelako emaitzik onartuko. Baina hori seinale ona da; azken finean ikaste prozesu bat delako argazkilaritza zein bideogintza, etengabekoa.
Nire esperientziagatik bi osagai behar dira kalitate altuko argazkiak egiteko, argazkilariaren trebeziaz gain noski. Batetik ISO altuak ondo maneiatzen dituen eta enfoke ona duen kamera izatea. Megapixelak garrantzitsuak dira baina gaur egun kamera gehienetan soberan datoz, erabilpen oso zehatzerako nahi ez bada behintzat. Bestetik, objektibo argitsuak eta kalitatezkoak izatea. Bata zein bestea garestia da oso kasu gehienetan. ISO altutan aritzeko, mugimenduak izozteko eta ‘bokeh’ (desenfoke) ederra lortzeko gomendagarria da Full Frame kamera bat izatea, sentsorea handiagoa delako eta kasu gehienetan emaitza ere hobeagoa izango delako. Kamera hauei objektibo aproposak jarri behar dizkiegu, bestela alferrik da; f4-ko irekidura izatea iruditzen zait gutxienekoa eta ahal bada f2.8-koa, aldea nabarmena da batetik bestera. Objektibo finkoak erabili daitezke eta horiek aukera ematen dute esaterako f1.8-ra aritzeko diru gutxiren truke, baina arriskutsuagoak dira enfokea galdu dezakegulako, auto-enfokea geldo xamarra delako eta askotan estabilizatu gabe datozelako. Finkoetan hamaika aukera daude norbere aurrekontuaren arabera. Hala ere, nik kontzertuetarako nahiago ditut zoom objektiboak, sarritan ezin garelako asko mugitu konposizioa egiteko eta zoom-ak aukera gehiago ematen dituelako.
Argazki onak egin daitezke APSC kamera batekin edo pack-ean zetorren objetiboarekin? Ba bai, baina zailagoa izango da horretarako baldintza aproposak ematea. Egoera berdinean ekipo aproposagoa duenak, berau erabiltzen badaki behintzat, maila altuagoko argazkiak lor ditzake. Hastapenetan, alabaina, horrelako kamera eta objetiboekin aritzea suertatu zaigu gehienoi eta pixkanaka-pixkanaka norberaren estilora egokitzen den ekipoa osatzea. Ez dago ekipo perfektua eta argazkilari guztientzako aproposa dena, esperimentatzea da bidea eta niretzat, garrantsitsuena, dugun ekipoaz gehiegi arduratzea baino estilo propio bat eraikitzea. Horrek egingo gaitu berezi, kamera erreminta baino ez da.
Erantzun guztiak nire esperientzian oinarrituz ematen ditut, ez naizelako honetan aditua. Datu konkretuak jakin nahi ezkero, galdetu lasai.