BERRI TXARRAK – BEC

Eguerdiko 12:00etan BECeko sarreran jarri zuten hitzordua Infrasoinuak esperientzia bizi nahi zutenentzako. Sarrera berezi hauek mertxaneko hainbat artikulu eskuratzeko eta muntaketa lanak ikusteko aukera ematen zuten. 150 bat lagun bertaratu ziren eta taldetan banatu ziren antolakuntzak atondutako lekuetatik pasatzen joateko. Talde bakoitzak gida bat izan zuen, tartean egun osoan lagun izan nuen Txomin L. Aramaio handia. Eszenatokia, kontrol mahaia, furgoneta, kamerinoa… eta bakoitzari lotutako azalpen eta anekdotak bidean. Nabari zen Gotzon Barandiaranen eskua muntaia eta prestatutako liburuxkan, azken hau, Malen Amenabarrek diseinatua.

BECen muinean bizitako momentu gogoangarri horiek argazkitan gorde zituzten zale askok eta galderak egiteko abagunea ere izan zuten ikuskizunak barnetik nola funtzionatzen duten ezagutzeko. Jan edanen tartean agertu ziren Berri Txarrak taldeko hiru partaideak zaleekin bat egiteko. Aurreikusi ziteken bezala denek nahi zuten argazki bana Gorka, Galder eta Davidekin eta horretaz arduratu zen Eider Iturriaga argazkilaria.

Bertako produktuak dastatu ondoren zale guztiek espero zuten momentua iritsi zen, zuzenean taldeak bizpahiru kanta jo zuenekoa. Ilusioz gainezka pilatu ziren jarraitzaileak eszenatoki aurrean eta ozen kanta egin zuten hirukotearekin batera. Soinu froga berezi honen amaiera aldera zaletako bat taulara igo eta ezkontzeko eskaria egin zion bere bikoteari, belauniko eta eraztuna eskuan, pelikula melengatan bezala. Proposamena onartu eta txalo zaparrada jaso zuten, baita azken kanta bat ere haiei eskainia. Mertxan poltsarekin aho beteko irribarre batez irten ziren gehienak, jakinik esperientzia oso berezia bizi izan zutela. Hauen artean bat nabarmentzekotan, ondarrutar gaztetxo batena Galderrek emandako baketekin pozarren… ez du sekula ahaztuko egun hura.

Azken detaileak findu, bazkaldu, mertxan postua antolatu… eta konturatzerako jendetza zain zegoen sarreran, oraindik ordu bat baino gehiago falta zenean ateak irekitzeko. Korrika egin behar izan zuten lehendabiziko ileretan egon nahi izan zutenek. Minutu gutxitan aretoa jendez bete zen eta puntual hasi ziren The Baboon Show taldekoak. Bertaratutakoak orduan ohartu ziren/ginen zelako lana egin behar izan duten Panda Artist lantaldekoek azken hilabeteetan hau guztia antolatzeko. Emanaldi laburra baina oso intentsoa eskaini zuten suediarrek. Eta eszenatokia ilunpetan gelditu zen…

This slideshow requires JavaScript.

21:45ak aldera irten zen kamerinotik hirukotea eta zuzenean agertokira abiatu ziren. Taulara igo eta publikoa agurtu zuten aurrena, hunkituta eta irribarretsu. Infrasoinuek hankaz gora jarri zuten BEC eta ez zen dardararen bat soilik izan, eztanda izan zen. Memoriak huts egiten ez badit, diskoko hamar kantak ordenean jo zituzten. Talde eta musikari askok zailtasunak izaten dituzte disko berriko kantak jotzerakoan publikoak oraindik barneratu ez dituelako, ez da Berri Txarraken kasua. Infra blokeak harrituta utzi gintuen gehienontzako lehendabiziko aldia zelako abestiok zuzenean entzuten genituela. Diskoaren indar eta taxua sentitu genuen hasieratik eta oraindik ez dakit nola lortzen duten hori hiru izanik eszenatokian, meritu izugarria dutela iruditzen zait.

Argazki desberdinak egiteko mugitu beharra dago eta fosotik atzekaldera pasa nintzen. Barka nazatela musika kritikoek baina pistan zein graden goikaldean primeran entzuten zen. Ni ez naiz soinu espezialista, baina musikaria naizen aldetik, kontzertu osoan zehar soinua oso egonkorra izan zela uste dut eta ez da batere erreza emanaldiaren hiru blokeak hain desberdinak izanik. Bestalde argietan aritu zirenetaz gauza bera esan dezaket, espektakulo bat izan zen emanaldia. Bihoakiela soinuarekin eta argiekin lanean aritu ziren guztiei neure miresmen osoa.

Blokearen bukaera aldera heldu zen ‘Katedral bat’, diskoko neure kanta kuttunena eta gerora laburpen bideorako erabili nuena. Goikaldean zegoen lagun batek esan zidan bezala, magikoa izan zen momentu hori atzekaldetik bizitzea, benetako katedral baten egongo bagina bezala sentitu ginen. Argazki eta argazki artean begirada konplize asko ikusi nituen ‘maitasuna egin maite dugunekin’ momentu horretan, nola esaldi sinple batek horrenbeste sentitu arazi dezaken… artista bat da Gorka hitzekin.

Infrasoinuak agortu eta teloia jaitsi zen gutxien espero genuen muntaia prestatzeko. Ausarta izan behar da gero 10.000 pertsonen aurrean tarte akustiko bat txertatzeko eta hala egin zuen Lekunberriko taldeak. Bi musikari gehitu ziren, Arkaitz Miner biola eta mandolinaz eta Marti Perarnau teklista. Arkaitzekin azken boladan sarritan aritzen naiz eta Euskal Herriko musikari onenetariko bat dela baieztatu dezaket, finagoa ezin. Bonbilla txiki haiek sortu zuten atmosfera berezi horretatik entzun genituen ‘Poligrafo Bakarra’, ‘Aspaldiko Utzitako Zelda’ edo ‘Eskuak’ esaterako. Nola ahaztu ‘Min Hau’, neure talde kuttunetako bat den Katamaloren bitartez ezagutu nuena. Kolore izugarria hartu zuten kantuok formatu honetan, eskertzekoa egindako ahalegin hori. Blokearen azken abestia zutik jo zuen boskoteak, setlistak hurrena zekarren olatu bortitza nabigatzeko akaso.

Azken blokean LED pantaila erraldoia eta ‘zuhaitzak’ agertu ziren atzekaldean eta orduan heldu zen klasikoen lurrikara; ‘Ikasten’, ‘Libre’, ‘FAQ’, ‘Jaio.Musika.Hil’, ‘Biziraun’, ‘Zertarako Amestu’, ‘Bueltatzen’… salto eta garrasika jarri zuten BECa. Tartean neu bezalako ‘bigunentzako’ kantuak ere; ‘Lemak, Aingurak’, ‘Bigarren Itzala’, ‘Bigarren Eskuko Amets’ edo ‘Zerbait Asmatuko Dugu’. Ze ona ‘Hitzen Oinarri Ahula’ kantuan Davidek mikroa publikoari begira jarri zuenean… denak oihuka maitasuna zer den guretzat. Baina dudarik gabe, momentu hunkigarriena, Gorka gitarra soilaz agertu zenekoa izan zen. ‘Maravillas’ hori benetako marabilli izan zen publikoak mugikorreko argiekin lagundurik. Azken txanpan ‘Oreka’-tik ‘Oihu’ egitera pasa ziren kontzertu historiko bati amaiera emanez.

Sabaia hautsi du Berri Txarrak taldeak eta horren eragina hurrengo belaunaldietan atzemango dugu, ziur. Izan ere ez da kontzertu erraldoi soil bat izan, mugarri bat baizik.

This slideshow requires JavaScript.

ARGAZKI GUZTIAK -> BERRI TXARRAK Facebook

Banekien egun berezia izango zela eta ziurrenik, honetan lanean aritu diren gehienen antzera, tentsio puntu bat ere baneukan horrelako egitasmo erraldoi baten neure zeregina ondo betetzeko. Pozik nago lortutako emaitzekin, baina asebete nauena esperientzia bera izan da, biziki gozatu nuelako. Funtsezkoa izan zen horretan jaso nituen erreztasun guztiak eta horregatik eskertu nahiko nituzke bereziki Gotzon, Pau eta Artzai. Eta nola ez, BERRI TXARRAK taldea osatzen duten guztiei jasotako tratu bikainagatik, neure lana baloratu eta elkarbanatzeagatik.

Amets bat gehiago beteta, eta ez bigarren eskukoa. Hilabete bat barru, Madrilen, bigarren kapitulua.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: