Asteburua TIO PETE estudioan pasa dugu Asier Olazar eta biok Josu Bergararen disko berriko grabaketan. Bideokliperako tomak grabatu, promozio argazkiak atera… eta parte hartzea borobiltzeko, kanta baten trikitixa sartzeko aukera ere izan dut. Ohore bat da bihotzez egiten diren proiektuetan aritzea eta jende jatorraz inguraturik bada, ezin da gehiago eskatu.
Gustura aritzen gara beti Josurekin, baloratuta eta etxean bezala sentitzen gara estudioan, eszenatoki gainean zein Eako kale eta auzoetatik ibiltzean. Josuk sinestu egiten du egiten duen horretan eta ondo helarazten du hori ingurukoengana. Izan ere musikari bikainak ditu beste behin parean eta horregatik plazer hutsa da banda honek sortzen duena entzutea. Hori guztia giro atseginean egiten denean nabari egiten da emaitzan, egiazko bilakatzen da. Zorionez musika ez delako formula matematiko bat, hori baino gehiago behar da entzulea emozionatzeko. Eta Josuk lortu du hori 2006an lehen diskoa kaleratu zuenetik.
Laster izango da ikusgai eta entzungai emaitza. Bien bitartean honatx asteburuko irudi batzuk:
Argazkiak: Asier Olazar eta biok