MIKEL URDANGARIN – Zornotza

Bi milagarren urteak ez zuen kataklismorik ekarri, bai ordea nire ustez euskal musikagintzan munarri bihurtu zen disko bat, Mikel Urdangarinen “Espilue”. Asko izan ginen sasoi horretan zornotzarraren musika ezagutu genuenok, agian “Non geratzen den denbora” maisu lan horrek erakarrita. Gogoan dut disko hori kasette batean grabatua pasatu zidatela, berehala maitemindu nintzela kanta eta melodia goxo haietaz eta segituan CDa erostera abiatu nintzela. Orduan jakin genuen askok aurretiaz beste bi disko zituela eta hala deskubritu genituen besteak beste kanta erromantiko zein eder haiek; Egun argian, Lekandapean, Badira hiru aste, Bazkalosteko kafea, Arrasto umela, Gaur gurutzatu gara,… horrenbeste dira.

Nerabe musikazalea nintzen sasoi hartan eta nire kuadrilakoek Kaos Etiliko, Ska-P, Scorpia eta horrelakoak entzuten zituzten bitartean ni beste hauekin nengoen. Kantautore gehiago entzuten nituen, baina Mikelen mezu eta melodiekin bat egiten nuen berehala, neuretzako sortuak izan balira bezala. Izan ere arima elikatzen dute, sentimenduak piztu, hotzikarak sortu,… emozio errusiar-mendiak dira, entzule ausartentzako eginak. Agian gaztaroko bizipen hauek animatu ninduten gerora niretzako sormen saiakera izugarria izan zen diskoa grabatzera, nork daki.

Bar Puertotik pasa ondoren “Heldu artean” argitaratu zuen hortik urte batzutara eta sentsazioa dut oharkabean pasa zela. Niretzat ordea kuttunetakoa da, konplexua agian lehen entzunaldi baterako baina atmosfera berezi batek borobildua. Dozena erdi album baino gehiago etorriko ziren horren ondotik… elkarren artean desberdinak, taldean zein bakarka, estudiokoak zein barrako hotsez jantzitako zuzenekoak. Nola ahaztu: Panderuaren gizona, Dana, Anek idatzi dit zutaz, Karoline, Euria ari du, Ezin esan, Esne saltzailea, Herri zaharra,…

Aurrekoan “Margolaria” disko berriaren Zornotzako aurkezpenera joan nintzen eta irribarre zabal batekin irten ere, zerbait berezia bizi izan nuenaren sentsazioarekin. Erakustaldi bat izan zen arazo teknikoen gainetik, maila ederreko emanaldia. Musikariak izugarri, konpenetrazioa fina benetan eta Mikel, paregabe. Irakurri nuen Ruperren iguruko artikulu batean erderaz kantatuko balu mundu mailako artista litzatekela,… ba Mikelen kasuan ere aplikatuko nuke hauxe. Baina zorionez euskaraz dihardute eta zorionekoak gara gu horregatik.

Ikuskizun gehiena butakan lasai gozatu nuen baina argazki batzuk egin nituen tarteka, momentu eta atmosfera hori irudiz bada ere gorde nahi nuelako. Hurrengo aukera heldu bitartean, diskoa jarri, argazkiei so egin eta oroimena astintzeko. Ez dakit begiak ixtean argazkia den ala margoa datorkidana, baina badakit Mikel Urdangarinek piztutakoa dela. Eskerrik asko beraz gugan urteotan loratuarazi duzunagatik, bihotzez.

This slideshow requires JavaScript.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: