DURANGOKO AZOKA 2021 – Elkarlan berriak

Ikusgarria da Berri Txarrakek kaleratu berri duen ‘Eskuak/Ukabilak’ edizio mugatua (agortuta honezkero). Liburuxkaren erdian Bartzelonako Sala Apolon atera nuen argazkia erabili dute eta primeran geratu da. Diseinu ederra Biktor Anduezarena. Eskerrik asko Gorka!

____________________________________________________________________________________________________________________

Mikel Urdangarinek HAITZETAN diskoaren berrargitalpena kaleratu berri du. 25 urte betetzear dagoen lehen album honen kantuak berriz masterizatu dituzte eta Kafe Antzokian zuzenean grabatutako abesti berri bat gehitu ere. Alain Urrutiaren diseinuaz, grabaketan egin nituen argazkiak ikus daitezke liburuxkan.

Nire kasuan bigarren diskoarekin heldu nintzen bere musikara nerabe nintzela eta zeharo harrapatu ninduen, artista kuttuna bilakatu arte. Egin nuen hurrena lehenengoa erostea izan zen eta gerora helduko ziren beste hainbat. Guztietan altxorren bat bilatzen dakienarentzako. Ohorea da edizio eder honetan aletxoa jartzea, zinez.

____________________________________________________________________________________________________________________

Duela zortzi bat urte ezagutu nuen Julen Alonso, 16-17 bat urte izango zituen orduan. Gaizki gogoratzen ez banaiz Zeanuriko Trikitixa Txapelketa batean topo egin genuen lehen aldiz. Sasoi hartan trikitizaleon arreta deitzen hasi zen eta zer hobe zuzenean ikustea baino.

Grina izugarria erakusten zuen, ibilbide oparoa izango zuela aurreikusi genezakeen orduan. Begiradan atzematen zitzaion sortzaile handiek berariazko duten anbizioa. Baina honetan urteak daramagunok badakigu zenbat sakrifizio, une gazigozo aurkitzen diren bidean. Gehienek adin buelta horretan pikutara bidaltzen dute musikari izatearen ametsa, zer esanik ez horretaz bizitzea ia ezinezkoa denean. Aurrera egiteko beharrezkoa den ilusioa hauskorra izan daiteke, are gehiago bizitzako garai aldakorrenean.

Baina 25 urte ditu orain Julenek; hamaika txapel eta garrantzitsuena, karrera musikal bat. 2018an kaleratu zuen lehen diskoa, hastapeneko urrats handi eta aberatsa. Orain bigarren lana argitaratu berri du; intimoagoa, helduagoa. Azken boladan entzun ditudan kanta ederrenetarikoak biltzen ditu. ‘Eskuetan bihotza’ dio izenburuak eta badakit hala diharduela egunero. Ez da soinujole birtuoso soila, badu zer kontatu eta estilo propioa eraikitzen dabil horretarako. Belaunaldi berrien erreferente ere bilakatzen ari da eta hori pozgarria da oso. Ondoan du hastapenetatik Eneritz Aulestia; elkarren osagarri, adiskidetasunaren aldarri.

Oriotarraren bilakaeran lekuko zuzena izatea, eta aukera izan dudanean esku bat luzatzea, ohorea izan da niretzako. Beste lagun artista handi batzuekin gertatzen zaidan bezala, egunen batean pozarren esango dut Julen Alonsoren orbitan ibili nintzela.

Durangoko Azokako bere postuan aurkituko duzue oraindik gaur eta bihar. Pasa kasu egitera eta bere proiektua ezagutzera, musikari onaz gain tipo aparta ere badelako.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: