2020ko LABURPENA

Urteko azken kontzertuak pasa dira eta aurten inoiz baino gutxiago egin ditut, 14 bat soilik. Normalean 50tik gora egiten ditut urtero.

Argazkilari/bideogileen egoera kulturan lan egiten duten beste langileen antzekoa da, penagarria. 2020a denontzat izan da zaila, dudarik gabe. Nabarmendu nahiko nuke, gure kasuan, pandemia aurretik preszindibleenak baginen, orain ikusezin garela ia. Izan ere, azken hilabeteetan kultura pixka bat suspertu den arren, ez da gure egoeran apenas nabaritu. Gehiago esango nuke, zantzu arriskitsuak ikusten hasia naiz. Agerikoena; hedapenaren truke lana eskaintzea. Egin argazkiak eta guk ordainsari gisa norenak diren jarriko dugu gure sareetan; horrekin gure ekipo garestiak amortizatuko bagenitu bezala. Bokata baten truke musikariak kontratatu nahi dituzten horiek etortzen zaizkit burura horrelakoetan. Guretzat nahi ez duguna ez dezagun besteekin egin, ezta? Hobe da egoera azaltzea, eta niretzat behintzat dirua ez denez inportanteena, agian lagunduko dizut. Baina ez eidazu hitz egin zu niri mesedea egiten egongo bazina bezala, faborez.

Ez da diru kontua, baina ondo dago hori argitzea. Neure kasuan, lehen bi urteak kobratu gabe egin nituen, ganorazko maila lortzea zelako nire xedea hasieran. Ondoren hasi nintzen egindako lanarengatik kobratzen eta baldintza minimoak eskatzen. Ez dut dirutzarik eskatzen eta dagoenera moldatzen naiz sarritan, musikari edo talde gehienek aurre egin ahal dizkieten zifrak dira, egin kasu. Egiten ditudan kontzertu guztien artean, laurden bat gutxi gora behera musutruk egiten ditut. Kasu hauetan, interesatzen zaizkidan emanaldiak izaten dira edo ekimen/lagunen bati bere proiektuarekin laguntzeko egiten ditudanak. Baina aurten, nire egoera personalagatik eta printzipio kontuagatik erabaki dut bolondres hara eta hona ez ibiltzea. Aukerak asko izan dira, hamaika emanaldi interesgarri egin direlako gustura gordeko nituenak iruditan. Baina nago, kalte egingo geniokela elkarri baldintza minimorik gabe lan egingo bagenu. Momentu honetan argazkiak egiten dabiltzan kide asko eta asko horrela ari dira, eta ez litzateke horrela izan beharko, etorkizunean ordaindutako lan duina nahi badugu. Izan ere, pandemiak agerian utzi ditu sektorearen josturak eta momentu aproposa da baldintza duinak ekartzeko kulturara, ez prekarizazio gehiago eta lehen baino baldintza are txarragoak. Bide horretan lan asko dago egiteke eta geuk ere badugu zeregina; pentsatzen dut oreka bat bilatu behar dela, gure lana guk geuk baloratzen hasi eta baloratu arazi gero. Baina musikariekin eta beste langileekin gertatzen den bezala, oso zatikatuta gaude eta ezin talde moduan erabakiak hartu.

Urte arraro honetan esperientzia berriak bizi izan ditut eta esango nuke horrelako egoera zailetan demostratzen dela nor den bakoitza. Adibidez, Foku-k eman zidan aukera NAIZ kontzertuetan izugarria izan zen eta zinez eskertu dut. Aiako Udalak ere nigan jarritako konfiantza asko estimatu dut, norbere inguruan baino baloratuago sentitzearren. Edo Esne Beltza familiakoen jarrera ere nabarmentzekoa izan da, beharrik ez zutenean, nirekin kontatu dutelako urte amaiera honetan eman dituzten bi kontzertuetarako. Ez zuten zertan egin behar, baina egia da horrelakoetan demostratzen direla pertsonen baloreak eta beste behin eredugarri jokatu dute. Bira oso bat bertan behera utzi behar izan dute eta hala ere ez dituzte taldearen inguruan dauden langileak albo batera utzi, nahiz eta urtea guztiz defizitarioa izan den. Nola ez naiz ba Esne Beltzaz harro sentituko, biba zuek!

Dezepzioren bat ere izan dut bidean, aitortu beharra daukat. Batez ere seriotasun gutxi agertu dutenekin eta mareatu didatenekin. Orain bai, orain ez, ekipo espezifikoa erosiarazi, datak libratu, gero azalpenik gabe bertan behera utzi… Horrelakoek min egiten dute, alferrik denbora galduarazi egin didatelako eta dena ezin delako pandemiarekin justifikatu. Baina beno, lehen esan bezala egoera latzetan ikusten dira pertsonen printzipioak. Hori bai, ondo dator ikasteko eta norekin lan egin behar ez den identifikatzeko.

Ea 2021ak gure egoera aldatzen duen, baina zalantza gehiegi ditut momentu honetan. Neure kasuan, aurreko baten azaldu nuen bezala, egoera pertsonalak bultzatuta oso proposamen gutxi onartu ditut aurten. Baina, orohar, uste dut oso lan gutxi eskaini dela eta argazkilari/bideogile askoren egoera larritzekoa dela. Beraz, badakizue, talde/manager/erakunde eta abar… ez zaitezte gutaz ahaztu.

Urteroko ohitura jarraituz, bertan 2020 gogor honetan zehar egin ditudan argazkietako batzuk.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

<span>%d</span> bloggers like this: