20.000 BIHOTZEN BERRI

Makina bat argazki, bideo eta kronika argitaratu dira azken egunetan BERRI TXARRAKek igandean Kobetamendin eman zuen kontzertuaren inguruan. Irakurri ditudan artikulu batzuk izugarri onak iruditu zaizkit eta ezer gutxi gehitu dezaket. Horregatik saiatuko naiz nire bizipen pertsonaletik abiatzen eta kontzertutik haragokoa laburbiltzen.

Goizeko 12:00etan heldu nintzen eszenatokira eta ordurako soinu froga hasita zegoen. Teknikariak gora eta behera dena prestatzen, musikariak berotzen, lehen gonbidatuak mugikorrarekin argazkiak egiten… ziurrenik gehienoi gertatu zitzaigun bezala, heldu eta eszenatokiaren handitasunaz harrituta gelditzea. Metalezko katedralaren aurrean zelai zabal eta horixka bat, 20.000 pertsonaren zain.

F0F01033-4AFF-436E-AC5E-23D6DA08F892

Aiora Renteriak zioen aurreko astean zehar egindako elkarrizketa batean BTXen atzean lana, lana eta lana zegoela eta halaxe da. Izan ere, soinu froga 16:00etan amaitu zen, ateak zabaldu behar ziren momentuan. Beraz, ia beste kontzertu oso bat eman zuen taldeak eguerdian, bertatik pasa ziren kolaboratzaile guztiek tarte horretan ahotsak eta instrumentuak froga zitzaten. Orduan konturatu nintzen zelako ekarpena egingo zioten gaueko emanaldiari, bakoitzak bere estiloan. Gorkak eta taldeak orohar kolaboratzaile bakoitzari leku berezi bat gorde zion, zeinetan bere onena eman zezakeen eta protagonista izan. Horren atzean ere lanak; denak lotzen, planifikatzen, haiekin entsaiatzen… gaueko momentu gogoangarriak ez ziren kasualitatearen fruitu izan. Guretzako pribilegio bat izan zen eguerdian gauean ikusiko genuenaren aurrerapenaz gozatu ahal izatea:

This slideshow requires JavaScript.

Soinu frogako argazki guztiak

Nabarmendu nahiko nuke teknikarien lana, izan ere, oso konplexua da horrenbeste aldaketa antolatzea; monitoreetako teknikaritik hasita (musikari guztiek haien burua ondo entzun zezaten), eszenatokiko laguntzaileekin jarraituz (instrumentu aldaketak, kableatuak eta dena behar bezala joan daiten bermatuz) eta mahaiko teknikariarekin amaituz (igandean izan zuen ardura gutxiren esku dagoelako eta soinua primerakoa izan zelako kontzertu osoan zehar). Antolakuntza eta komunikazio lanetan aritu zirenak ere ez zuten lan makala izan, ez soilik igandean baizik eta azken aste/hilabeteetan. Konplexutasuna kontzertuaren tamainekoa zen eta ia dena programatu bezala joan zen. Sortu ziren azken orduko kontuei erantzun azkarra eman zieten, lantalde eraginkorra benetan. Nitaz ere oso pendiente aritu ziren Pandakoak eta benetan eskertu nahi diet arreta hori, horrela gozatzea baino ez dagokigu.

This slideshow requires JavaScript.

Soinu frogako argazki guztiak

Bazkari eder bat jaso genuen handik genbiltzanok eta ondoren arratsaldeko ekintzak ikusteko tartea izan genuen. Trakamatraka ikustera abiatu nintzen lehendabizi eta a ze artista den Jon Urrutia! Material erreziklatuekin musika tresnak sortzen ditu eta umorea tartekatuz jo ere egiten ditu. Flauta-eskailera edo gitar-arrauna aurkeztu zizkigun eta nolako soinua ateratzen zien, izugarria. Jende andana bildu zen baso inguruan eta biziki gozatu ere.

Ahotsenea gunean Natali ikusten egon nintzen eta onerako harritu ninduten. Indar asko duen taldea da eta Natali Izagirreren ahotsa oso berezia iruditzen zait. Karpa horretan egiten zuen beroa izugarria zen eta horregatik meritu itzela dute bertan jo zuten taldeek eta bertaratu zirenek.

Karpatik irten eta jendetza bilduta zegoen Kolpez Blai perkusio ikuskizuna jarraituz. Giroa nahiko beroa ez balitz, gehiago berotu zuten hauek. Hori martxa!

Kontzerturako prestatzen joan baino lehen gainezka zegoen mertxanetik pasa nintzen. Hiru stand BTXen materialarekin eta jendea pilatuta. Puntu honetan, esan nahiko nuke Berri dela mertxana hobeto zaintzen duen taldea, ez dut horrelakorik ezagutzen ez EH ez atzerrian ere. Batetik, eskaintzen dituen aukera guztiengatik; ez dakit zenbat kamiseta modelo, sudaderak, umeentzako bodiak, tazak, pinak, txapelak, partxeak, poltsak, pegatinak… izugarria da aukera eta edozeinek aurki dezake ondo egokitzen zaion zerbait. Eta bestetik, diseinuen kalitateagatik; hamaika diseinatzaileekin kontatu dute urteotan mertxana osatzeko eta hori benetan estimatzekoa da, musikaz gain beste esparruetako artistekin kontatzea eta etengabe berritzea. Noski mertxana diru iturri dela, baina denok dakigu badirela era sinpleagoak diru-sarrerak lortzeko arroparekin. BTXek alabaina, zaindu egiten du eremu hau besteak bezalaxe eta horregatik edozein lekutan ikusten dira taldearen logo, mezu eta abarrekoak. Kobetamendin agerikoagoa izan zen hau…

Kontzertuaz zer esango dut esan ez dena honezkero… marabila bat izan zela goitik behera. Hirukotearen indarra, kolaboratzaileen ekarpen ederrak, ondo pentsatutako setlist-a, soinu eta argi teknikarien itzalpeko lan paregabea (eskerrik asko Iban argi eder horiengatik), publikoaren erantzuna… gau magikoa Kobetamendin bizi genuena. Niretzako momentu hunkigarriena Nerea Urbizu agertu zenean izan zen. Katamalo bihotzean daramat eta ‘Min Hau’ bereziki esanguratsua da niretzako. Ezin izan nion malkoari eutsi elkar besarkatu zutenean, konbo itzela sortzen dutelako musikalki eta emozionalki. Anarik ere hotzikara bat sortu zidan barrenean ‘Oreka’ kantatzen hasi zenean, tximista bezala heldu zitzaigun bere ahotsa. Karlos Osinaga izan zuen lagun eta momentu indartsu bat eskaini ziguten kantaren bukaeran. Aioraren parte hartzea ere bikaina, Gorkak esan bezala euskal ahots onenetako bat dudarik gabe eta demostratu egin zuen Sarriren hitzekin. Aitor Gorosabel gitarra eskuan agertu zenean… historikoa, luxua. Matxet izan zen gehien harritu ninduena, publikora salto egin zuenean flipatu egin genuen. Facu eta Toni, BTXen zale sutsuak, primeran. Matt Sharp-en presentzia ere zinez berezia taldearentzako musikari garrantzitsua delako. La M.O.D.A.-ko Davidek energiaz bete zuen emanaldia, birikak hustu zituen bertan. Jurgi hurrengo belaunaldiaren ordezkari gisa ere fin, besteak beste publikoa berotuz. Iseo, gazteen erreferente berrietako batek freskotasuna eman zion emanaldiari eta ‘Eskuak’ momentu magiko horren parte izan zen. El Drogas bezalako mito bat, Maravillas bezalako kanta hunkigarria Gorkarekin akustikoan jotzen, jendeak mugikorrarekin argitzen zuen bitartean… liluragarria. Ricky Falkner eta Marti Perarnau IV bloke berezi bateko zutabe bilakatu ziren DDPB diskoko kanta bikainak osotzen, kalitate altuko musikariak biak. Aritz Deabru aspaldiko partez taularatu zen eta gogoz utzi gintuen, ea proiektu berriren baten ikusteko aukera dugun. Broken Brothers-ek bertsio harrigarriz eman zion hasiera gauari eta hiru bat ordura amaitu zen han geunden asko aho zabalik utziz. Ezin da gehiago eska eta pentsatzen dut danok asetzeko beste eskaini zuela taldeak, eszenatokian hustu egin baitziren.

This slideshow requires JavaScript.

Kontzertuko argazki guztiak

Inoiz ahaztuko ez dudan eguna Kobetamendikoa, mugarri bat Euskal Herriarentzat. 20.000 bihotz josi zituen BTXek igandean Bilbon, ume zein heldu, hango eta hemengo.  Nire miresmen osoa hau posible egin duten guztiei, batez ere hirukoteari eta bereziki Gorkari. Bizkar gainean izan duen ardura kalkula ezina iruditzen zait. Akaso, horrelako zamengatik behar ditu erronka berriak eta ulertzekoa da guztiz.

33CA26E3-F871-4DCA-8325-B72DB6E18AEC

Poligrafoak hitz egin du eta denborak jarri du BERRI TXARRAK merezi duen lekuan, baina oraindik ez da hau amaitu eta gau gogoangarri batzuk ditugu bizitzeke. Datorrela hurrengoa!

Laster eguneko bideo laburpena ikusgai

Kobetamendiko setlista Spotifyn

iruzkin 1

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: