ERREZILGO I. TRIKITIXA JAIALDIA

Maiatzaren 24an ospatu zen Errezilgo I. Trikitixa Jaialdia. Berezia dudarik gabe herriko ikasleek antolatu zutelako Manex Torrealdai irakaslearen laguntzaz. Kuriosoa izan zen gaztetxoak sarrerak saltzen, aulkiak jartzen, musikariak laguntzen… ikustea; irakaspen bikaina aterako zuten azken hilabeteotan egindako lanaren ondorioz.

Parte hartzaile guztiek hiru bat pieza eskaini zituzten bukaeran

Jaialdiari Saioa Lizarraldek eta Maddalen Arzallusek eman zioten hasiera. Herriarekin duen loturagatik espeziala izan zen emanaldia Saioarentzako eta nabaritu zen ez zela edozein plaza berarentzako. Barrezka hasi ginen Harkaitz Allurrek bidalitako mezuarekin eta hunkitu ere egin ginen Saioak aitari eskainitako trikitixarekin. Sei urtekin galdu zuen eta gogora ekarri nahi izan zuen era ezin ederragoan. Iltzatuta geratu zitzaigun azken kopla ‘nahiz eta urteak joan, zauden lekuan zaudela, pentsatzen dut gutaz harro sentituko zarela’. Maddalen Arzallus ere fin aritu zen pandero, gitarra eta ahotsean; tandem bikaina.

Maddalen Arzallus eta Saioa Lizarralde

Bigarren saioan Iker Goenaga eta Jon Lasa agertu ziren. Ez da izaten aukera asko Iker zuzenean ikusteko eta gozamen hutsa da zentzuentzako. Sarritan pentsatu izan dut trikitizaleak zorretan gaudela Goenaga bezalako soinujoleekin, ez dugula akaso behar beste babestu. Gustu handia du zizurkildarrak eta neure ustez oso gutxiren esku dagoen zerbait gehiago ere, soinu propioa eta identifikagarria. Azken hamarkadan bere falta sumatu dut/dugu kantugintzan eta neuk behintzat pozarren jasoko nuke bere disko berri bat. ‘Oroiminen baltsa’ kantuarekin hasi zen eta tartean bere lehen diskoko ‘Ilargia’z gozatzeko aukera izan genuen. Jon Lasa izan zuen lagun pandero eta ahotsean.

Jon Lasa eta Iker Goenaga

Hauen ondoren Izer eta Eneko Dorronsororen txanda heldu zen. Alabier etortzekoa zen baina ahots-mezu bitartez izan genuen azkenean, gogoratuz besteak beste Izerrekin ‘zilarrezko ezkontza’ artistikoa betetzear dagoela; barre algarak piztu zituen publikoan. Dorronsorok trikitia, gitarra eta saxofoia tartekatu zituen eta benetan eskertu zen proposamena. Lau eskutara eman zioten hasiera fandango batekin eta Enekok gitarra hartutakoan, Izerrek gaztetan sortutako balts batekin jarraitu zuten. Orohar, bertaratu zen publikoak adi eta isilean jarraitu zuen emanaldia, baina bikote honen azken piezan berotu eta txaloka hasi zen jendartea. Presoen aldeko kantarekin eman zioten bukaera saio aberasgarriari.

Eneko Dorronsoro eta Izer

Jaialdiarekin bukatzeko lau emakume erreferente taularatu ziren; Amaia Oreja, Kris Solano, Alaitz Telletxea eta Maixa Lizarribar. 90eko hamarkadan eman zen iraultzaren protagonista nagusietakoak izan ziren eta oraindik nabari da haien eragina hurrengo belaunaldietan. Maila goreneko ikuskizuna eskaini zuten, bai trikitian eta baita ahotsetan ere. Hasieran laurak soinuarekin ekin zioten, ondoren Amaiak panderoa hartu zuen eta saioa denak panderoaz amaitu zuten. Haien ibilbideko pieza zatitxoak tartetaku zituzten eta azken pieza magikoa izan zen pandero eta ahots soilez.

Amaia Oreja, Kris Solano, Alaitz Telletxea eta Maixa Lizarribar

Zorionak antolakuntzan aritu ziren denei jaialdi borobila izan zelako. Horren arduraren zati bat Nekane Zinkunegi aurkezlearena eta Aiekako Pello eta Xabi teknikariena izan zen.

Hurrengo urtera arte!

Bertan dituzue jaialdiko irudi gehiago eta laster ikusgai izango dira bideoak ere bai. 

This slideshow requires JavaScript.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: