Pasa da Aste Nagusia

Bukatu da Aste Nagusia, bereziki intentsoa izan da aurtengoa niretzako. Sei egunetan bost kontzertu eta 10.000 bat argazki egin ditut, baita hiruzpalau gaupasa ere hauek editatzen. Agian, egunotako zurrunbiloarengatik, ondorengo gogoeta hau idaztea pentsatu dut. Kontu deigarriak ikusi ditudalako, positiboak zein negatiboak. Honatx:

POSITIBOAK

Esker oneko musikariak. Askotan esaten dut, baina norbere lana baloratua denean ilusioz hartzen da kamera eta Aste Nagusia den kaos horretara abiatu. ‘Kontratatzen’ nauten taldeen kasuan badakit baloratzen nautela eta han egotea nahi dutela. Zalantza besteekin dator eta kasu horietan detaileak dira adierazle nagusia. Arduratzen dira gutaz? Erabiltzen dute gure materiala? Eskertzen dute? Kasu gehienetan hala da eta neure kasuan ezin naiz kexatu arreta handiz tratatzen nautelako. Talderen batek paso egingo balu, logikoki ez nintzateke argazkiak egitera joango. Beraz, bost kontzertu hauetan gustura ibili naiz eta pozik nago lortutako emaitza eta hedapenarekin. Eskerrik asko Gatibu, Oxabi, Skakeitan, Vendetta eta La Pegatina taldeei, plazerra izan da.

Produkzioko langileak. Itzalean lan egiten duten horien oso fan naiz. Beti esan dut ezinbestekoa dela haien lana eta gutxitan ikusten dela. Akreditazioak bideratzen dizkigutenak, jan-edatekoa eskaintzen digutenak, eszenatokiko sekretutxoak eman eta jaisterakoan burua ez hausteko eskailerak argiztatzen dizkigutenak, estualdiren baten motxila edo ekipoa eusten dizkigutenak, argi ederrak jartzen dizkigutenak… era askotara laguntzen gaituzte. Egunotan zenbaitzukin topo egin dut eta adeitsuenen artean adeitsuenak bereziki eskertu nahiko nituzke; Artzai Iraurgi, Joseba Razquin eta Abarreko Mikel eta Xabat.

Publiko jatorra. Fosoan tarteka egoten garenok badakigu zein desberdinak diren kontzertuak aurreko ileren arabera. Badira ongi pasatzera eta dena ematera doazen zaleak eta biziki eskertzen da hori. Nik normalean makina bat argazki ateratzen dizkiot publikoari, bai orokorrak zein detaileeenak eta sarritan, haiek eskatutakoak ere. Lan extra da, gero eskean datozelako eta banan-banan bidali behar zaizkielako, baina jatorrak dira gehienetan eta merezi dute haientzako hain garrantzitsua den irudi hori, noski. Gainera, neure ustez, fosoan gaudenean eta talde horrekin gabiltzanean (kontratatua ala ez) neurri txiki baten bada ere taldea ordezkatzen dugu tartean gaudelako ez bada ere eta zaindu behar da hori. Ez da kostatzen atsegin izatea errespetuz zuzentzen direnean, horrek taldearen irudian eragin positiboa izango duelako, demostratuta daukat.

Gure Musika. Poztekoa da euskaraz egiten den musikak Bilboko Aste Nagusian izan duen arrakasta ikustea. Nik kontzertu gutxi batzutan egon naiz, baina askoren irudiak ikusi ditut eta orohar talde gehienak pozik aritu direla ematen du. Argi dago ere aposturik garbiena Konpartsek egiten dutela eta hantxe dagoela eskaintzarik zabal eta anitzena. Garrantzitsua iruditzen zait alabaina instituzioetatik ere arriskatzea eta espero aurtengoa ikusita geroz eta handiago izatea euskal sortzaileen presentzia gune handienetan ere.

NEGATIBOAK

Guk, argazkilariak. Beti esan dut ni musikari-argazkizale naizela eta ez dudala argazkilarien talde horretan neure burua etiketatzea nahi, baina momentu batez sartuko naiz. Gaizki dago orokortzea eta horregatik ikusi ditudan hainbat kontu zehatzetaz arituko naiz. Lau urte pasatxo daramazkit honetan eta sentsazioa dut kolektiboki eta arrazoiz, musikari edo musika-langile nahikotxo mesfidati direla argazkilarien inguruan. Arrazoiez diot, nik neuk ikusten ditudalako nahiko motibo horretarako. Denok dugu gure lan egiteko estiloa eta ez dago perfektua denik, baina badira marra gorri batzuk bere burua argazkilari-bideoegiletzat duen edozeinek igaro ezin dituenak. Esaterako, neure ustez, taldearekin hitz egin behar da agertu baino lehen eta oneritzia jaso. Jartzen dizkiguten mugak, baldin badaude, errespetatu. Eszenatokira igotzeko baimena badugu ez du esan nahi edonon eta edozelan egon gaitezkenik, nahiz eta argazki eder bat egiteko aukera ikusi. Egunotan ikusi dut batenbat erdi-erdian, musikarien artean, musikariak tapatzen eta logikoa den moduan, arreta deitu behar izan diote. Beste bat; kamerinoak. Nik taldeak eskatzen badu bakarrik sartzen naiz, eremu pribatu hori errespetatzea gustatzen zaidalako eta uste dut taldeko kide ez bagara ez dugula zertan bertara abiatu beharrik. Asteon adibidez, Xabi agurtzera joan nintzen La Pegatinaren kamerino kanpoaldera itsusi iruditzen zitzaidalako bertan egonda ez egitea eta bide batez taldeko beste batzuk ere agurtu nituen; beste egunetan ez ditut kamerinoak ezta zapaldu ere. Batenbatek pentsatuko du nitaz hotza edo naizela, baina nahiago hori inor molestastu edo astuna izatea baino. Azkena; nola da posible denbora gehiago ematea mugikorrarekin norbere sareetara irudiak igotzen, argazki kamerarekin lanean baino? Zertara goaz kontzertu batera? Emanaldia ahal den hobeto iruditan dokumentatzera edo ‘autobonbo’ hutsera? Denok egiten dugu azken hau neurri baten, ados, eta hastapenetan gehiago dena berria delako, baina aste honetan ikusitakoa… momentu batzutan neurriz kanpokoa neure ustez. Jende mordoa mugikorrekin foso eta eszenatokietan, flashak erabiltzen, ingurukoak non zeuden begiratu gabe, besteen lana oztopatzen… eta sentsazio hau badakit konpartitzen dutela egunotan fosoan ibili diren beste batzuk ere. Batzutan pentsatzen dut taldeak lar ondo portatzen direla argazki kamera batekin agertzen den edozeinekin, eskua eskaini eta gero… besoa heldu. Izan ere, musikarien hitzetan, asko dira egoera desorosoak eta sen onak agindu beharko lukeen arren, ematen du nahi baino gehiagotan gertatzen direla horrelako kasuak. Orain dela egun batzuk honen inguruan bizitakoak kontatu zizkidan musikari bati esan nion bezala: ikuskizunak argazkilaririk gabe berdin jarraituko luke, ez nahitaezkoenak gara eta hori ulertzen ez duenak arazo bat du.

Musika kritikariak. Aste Nagusia hain da esanguratsua komunikabideetan asteon gozatu ditudan kontzertu batzuen kronikak argitaratu direla egunotan. Gustatu zaizkidan batzuk irakurri ditut, noski. Baina beste kritika batzuekin harrituta geratu naiz… zelan esan daitezke horrelakoak. Esaterako, musikari baten itxura fisikoak, tripak zehazki, zer zerikusi du musika kritika baten? Edo, esan behar al da kronika irudiz hornitu behar zuen argazkilariak aspertuta alde egin zuela? Lotsagarriak iruditu zaizkidan adierazpenak argitaratu dira egunkarietan, ez dut uste mesederik egiten diotenik kazetaritzari.

Diru kontuak. “Badakizu talde honek zenbat kobratuko duen gaur? xxxx €, nola da posible!” Ez dut uste egunotan, zorionez, eztabaida publikorik egon den Aste Nagusiko taldeen inguruan baina horrelako komentarioren bat entzun dut. Ez dakit zer gertatzen ari den euskal eszenan azkenaldian, benetan preokupatzekoa iruditzen zait. Gutxi gara eta eremu oso mugatuan gabiltza, ez al da zilegi dirua irabaztea? Are gehiago, zenbat euskal musikari bizi daitezke musika sortzetik eta zuzenekoetatik? Ez dakit hamarrera ere helduko diren eta uste dut balizkoa den edozeinek eskubide hori duela, beste edozein ofizioetan bezala. Eta hala ere gaizki iruditzen zaie askori talde batek kopuru zehatz bat eskatzea. Agian izango da ez dakitelako zenbat langile dauden atzetik, nolako inbertsioak egin behar diren (diskoak grabatu eta ekoiztu, kontzertuak antolatu, kartel eta abarren diseinuak egin, webgune eta sareak kudeatu, bidaietako gastuei aurre egin, management gastuak ordaindu, musika tresna eta ekipoak erosi eta mantenitu, formazioan sakondu, argazki eta bideoklipak kaleratu…), logikoki gastuak mardulagoak dira taldea zenbat eta handiagoa izan, presioa eta exigentzia maila ere goraka doalako. Benetan, oso mingarriak dira horrelako iruzkinak, are gehiago euskal musikagintzara zuzentzen direnean. ACDC San Mamesera badator eta 1.000.000 € kostatzen bazaigu, sarreran dirutza ordainduta ere gero ixilik geratuko dira elementu hauek, ziur, eta horrelako talde erraldoiei bai ez diela inolako kalterik egiten bertan sortu daitezken eztabaidak. Baina gurean samin asko sortu dezakete eta eragin sakonak izan berez nahiko ahula den industria batean. Poztu egin beharko ginake euskal sortzaileak horretaz biziko balira eta bide batez, kritikak behar bezala eta behar den lekura bideratu. Grises taldearekin berriki gertatutakoa da oinarririk gabeko adierazpenek sortu dezaketenaren adibide bikaina eta penagarria da taldea horrelako azalpenak ematera behartuta sentitzea. Eztabaida, noski, nahi den gaiaz… baina oinarri minimo batekin eta errespetuz.

Orain aspalditik planifikatuta dudan atseden astea aurretik, posible den heinean kamera eta ordenagailuetatik urrun. Irailaren 2an berriz ere martxan, hilabete ‘kañeroa’ izango da.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: