Horrelako hotzik ez dut gogoratzen… agian ez zaidalako kanpoan egotea suertatu egin duenean. Baina asteburukoa pasada bat izan da tenperaturatik harago.
Larunbat goizean Zeanurin klaseak eman eta Hernanira, handik Iruñeara. Ikusgarriak bideko ikuspegiak, dena zuri-zuri errepidea izan ezik. Hirian, aldiz, elur gutxi, baina gradu bateko tenperatura eta haize zakarra. Hamaika arropa geruza izan arren, hezurretarainoko hotza.
Baina kontzertua hasi eta berotzen joan zen giroa. Kamera erdi izoztuta, autoenfokea hasieran nagi xamar,… eskuekin metala ikutzeak bakarrik min egiten zuen. Emanaldian zehar zero azpira bajatu zen tenperatura, baina publikoari bost axola horrek. Taldekoentzako ez zen erreza izan egoera horretan aritzea, baina profesionalak direnak holakoetan ematen dute onena. Beste behin, bolazo. Neure kasuan, egoera salbatu eta orohar nahiko pozik geratu nintzen hartutako irudiekin. Bertan aukeraketa bat:
Bueltako bidaia are ederragoa izan zen, ilargi erraldoiak argituz elurtuta zeuden parajeak. Baina Hernanira heldu eta kotxeak… inoiz ikusi dudan izotz kaparik handienaz. Kristala harraskatzen hasi eta eskerrak Patxuko agertu zela handik laguntzeko. Tipo jatorra benetan Sergio.
Ordu batzuk lo egin, kamera berriz hartu eta goizean goiz Xabi Solanoren ikuskizuneko entsegu orokorrera. Zeharo harrituta nola sonatzen duen; zelako detaileak, indarra batzutan, goxotasuna besteetan,… sekulako musikariak eta sekulako emaitza. Arkaitz Miner, Txus Aranburu eta Kris Solano behin baino gehiagotan entzun ditut eta ezagutzen nituen haien birtuteak, beti fin. DZ ere beti eraginkor. Eta Solano zer esanik ez, horrelako proiektu handi batek behar duen lider naturala. Aurkikuntza itzela Haritz Beristain “Txiki”-rena, Peiremansekin ikusi nuen Plateruenan baina atzo agian hurbiletik edo beste erregistro baten entzunda… izugarria iruditu zitzaidan. Zenbat soinu desberdin ateratzeko gai den, intentsitateak neurtzen, ñabardurak nonahi… asko transmititzen du.
Musikaz are gehiago gozatzeko irudiz hornitu da ikuskizuna eta hau guztia gutxi balitz, aktore eta dantzarien ekarpen bikainak tartean. Emozionatzeko zein barre egiteko tarteak izango dira, ikuskizun totala da Inpernuko. Datorren astean aurkeztuko da Andoainen eta sarrerak agortuta daude honezkero. Baina hilaren 30ean Azpeitian ere izango da aukera, bertan sarrerak salgai: https://labur.eus/uv1Av. Data gehiago helduko dira ondoren. Ez galdu, benetan merezi du eta, gogoangarria izango da.
Orain asteburuko material guztia ordenatu, editatu eta lehenbailehen bidali. Gorputza oraindik hotz, baina bihotza bero. Horrelako abenturak dira betiko memorian gordetzen direnak…
