Ostiral arratsaldean abiatu ginen Bartzelonara; data aspalditik jarrita zegoen, baina badirudi apropos aukeratu genuela. Independentzia aldarrikatu zen egunean Kataluniarantza gindoazen Xabi, Anartz eta hirurok. Hotelera iritsi ginenerako kaleak lasai zeuden eta atseden hartzea erabaki genuen hurrengo egunean zeregin ugari genituelako.
Goizeko 11:00etan elkartu ginen Green Valley taldeko Anderrekin Ranblatan eta lokalizazio bila hasi ginen grabatu beharreko irudientzako. Oraindik gauza gutxi aurreratu dezakegu bideoklip honetaz, baina iraultzailea izango dela baieztatu dezaket. Ardura nagusia hartu duenak esperientzia zabala du zinemagintzan eta emaitza ikusgarria izango da ikusi ditugun aurrerapenak ikusita. Gainera, Ander eta Xabirekin erreza da grabatzea; beti prest gauzak probatzeko, ideiak ematen, umore onez,… horrela gustura. Bertan grabaketako momentu batzuk:
Grabazioa amaituta paseotxo bat eman genuen Bartzelonatik eta bide batez Sant Jaume plaza, Boqueriako merkatua eta bestelako txoko esanguratsuak ezagutzeko aprobetxatu. Euskal Etxera bisita egitea erabaki eta bertan bazkaldu genuen. Ondoren Salamandra salara abiatu ginen soinu froga burutzera. Inguruko taberna batean bapo afaldu eta 22:00etan hasi zen kontzertua. Nik behintzat aspaldi ez dut ikusi hain publiko entregatua lehen kantatik. Badirudi musika eta emozio “gosete” bat zegoela eta Esne Beltzak ase egin zuela. 90 bat minutuko gozamen intentsoa izan zen, ondorengo argazkitan atzeman daiteke hori:
Gauean zehar argazkiak editatu eta goizean bueltatu gara etxerantza. Momentu historiko bat hurbiletik bizi dugunaren sentsazioarekin gatoz, Errepublikaren lehendabiziko urratsak ezagutu ditugulako eta bertakoekin ospatu ere. Partitzean eguzkiak jotzen zuen Katalunian eta euriak Euskal Herrian, baina berotuko gaitu eguzkiak laster… hori espero.
Esperientzia ahaztezin honi kanta bat jarri nioke, Bartzelonara bidean Anartzek kotxean jarri zuen kantetako bat eta barruraino sartu zaidana.
Hoy que es tiempo de ser luz, esa es mi revolución
Eskerrik asko Esne Beltza taldeari aukera honengatik eta hainbeste erreztasunengatik, BIBA ZUEK!