Hutsik geratu naiz… Ia urte beteko antolaketa eskatu digu ANBOTOTIK GORBEIARA ikuskizunak eta sekulako hutsunea utzi dit behin igarota.
Zintzoki uste dut egun historikoa izan zela aurreko larunbatekoa Arratian eta, hedaduraz, Elorrion. Emanaldi honek musika eskolak transzenditu ditu, ez da izan ikasleen kontzertu soil bat. Energia berezia sortu zen antzokian, arima ukitzen duen horietakoa. Hori lortzeko, sentimenduz eta mimoz antolatu behar da; azken asteetan isuritako negar malkoak horren lekuko dira.
Lemazain izatea tokatu zait eta gogorra izan den arren, ohore itzela izan da. Ziurrenik irakasle bezala bizi izan dudan egun bereziena izan da hauxe, eta asko esatea da hori. Susmoa daukat gainera ez naizela bakarra etxera sentsazio horrekin itzuli zena.
Behin lehen edizio hau ikusita, esango nuke, errez gehituko liratekeela kolaboratzaileak gurera. Baina lehendabiziko Anbototik Gorbeiako gonbidatuek aparteko meritua izango dute beti; emanaldia zertan zetzan jakin gabe gure itsasontzira igo zirelako, exijentziarik gabe eta ilusioz gainezka. Larunbatean egin zuten ekarpena zoragarria izan zen; Aitzol Atutxa, Nerea Zuloaga, Ibon Iza eta dimoztar bertsolari gazteak, Beti Gazte dantza taldea… bete-betean asmatu genuen haiekin, ezin ditut imajinatu bizi genituen momentu ederrak beste batzuekin. Edukiz eta artez margoztu zuten gure mihise musikala, betirako eskertuta egongo gara.
Eleder Iglesiasek bikain eraman zuen saioa, eta kontutan hartuta kaos ordenatua, ez zen lan batere erreza. Pablo Bueno kamera lanetan aritu zen, laster argitaratuko dugun bideoa sortzeko kilometroak egiten. Ander eta Richard teknikariek beste maila batera eraman zuten genekarrena eta benetako erronka zen aurrean zutena. Konfirmatu beharko genuke, baina uste dut Igorreko Lasarte Aretoan historian jo duen musikari talde handiena izan zela lehengunekoa.
Eskerrik asko musika eskola bien zuzendaritza taldeei, itsu-itsuan proiektuan sinesteagatik eta askatasun osoz sortzeko behar den konfiantza emateagatik. Egitasmoan inplikatu diren lankideetaz zer esan, haiek gabe ezin da horrelakorik antolatu. Ikasleak laguntzen, jotzen, garbitzen, sarrerak jasotzen, luntxa atontzen, atrilak mugitzen, streaming-a prestatzen… lan asko zegoen egiteko eta uste dut denon artean atera genuela aurrera. Aipamen berezia merezi du Iban Agirregoikoak, berak landatu zuelako ikuskizun hau antolatzeko ureztatu dugun hazia.
Kepaz, zer esan. Atzo esan zidan ez zela beragatik etorri; gu zoriontsu egiteko bertaratu nahi izan zuela. Bada, lortu zuen bilatzen zuena, Anbototik Gorbeiara hau ez zelako berdina izango bera gabe. Ez zen omenaldi profesional bat izan, baina bai maitasunetik sortutakoa. Kepa, bere familia eta bere lagunak… haien esker ona eta berotasuna momentuan jaso genuen, denak hunkitzeraino.
Azkenerako uzten ditut, eta horregatik ez dute garrantzi gutxiago, gure ikasleak eta familiak. Horrelako egun gogoangarri bat bizitzeko lan izugarria egin behar da aurretiaz, baita sakrifizioak ere. Uste dut gehienek ez dutela hemen bizitakoa sekula ahaztuko eta hori lorpen itzela da guretzat. Nire ikasleei esaten nien aurreko hilabeteetan nik ikuskizuna buruan argi ikusten nuela, pelikula bat bailitzan. Barre egiten zuten, pentsatzen zuten ‘saltzen’ nien Anbototik Gorbeiara ideia zoro kunplitu ezina zela. Haiengandik jaso dudanagatik, sentsazioa daukat bete dudala agindu niena, esperientzia berri eta emozionante bat bizitzea. Batzuentzat akaso musikan biziko duten mota honetako lehena, eta azkena. Baina zor nien horrelako egun bat bereziki horrenbeste urtez nirekin egon direnei.
Txapa galanta eman ondoren, hutsunea betetzea dagokit orain. Musika tresnak hartu, garuna martxan jarri eta Gorbeiatik Anbotora joatea dagokigulako orain. Ondo bidean, laster elkartuko gara berriz Anbotoren magalean.
Gaizka